::Maite Gonzalez Bilbao.
Errealaren aurkako partida eta, atzo Betis-en aurka jokatutakoa oso antzekoak izan ziren. Partida bietan Athletic nagusi izan zen berdegunean, baloiaren jabetza izan zuen, baina azkenean norgehiagokak galdu zituen. Anoetan jokatutako partidari dagokionez, jokalariak ez ziren berdinak izan, zazpi jokalari aldatu baitzituen Valverdek. Beraz, arazoa ez dago jokalariengan.
Behintzat, Sevillan jokatutako partidan gol aukera asko izan genituen, baina ezinezkoa izan zen bat bera ere sartu. Oso garrantzitsua zen etxetik kanpo gol bat sartzea, baina ezinezkoa izan zen. Kike Sola izan genuen aurrelari Villamarinen. 4 hilabeteko lesioa sendatuta, lehenengo partida jokatu zuen, eta oso ondo egon zela uste dut. Bai, erritmo falta zuen, baina normala da hainbeste hilabete lehiatu gabe egon eta gero. Hala ere, aukerak izan zituen eta, zutoinera bidalitako jaurtiketa bere botetatik etorri zen.
Taldearen arazorik handienetarikoa azkenengo pasean dago, zelaiko azken metroetan hartutako erabakiak Athletic kondenatzen ari dira. Bolada txar hau Susaetaren une baxuarekin bat dator. Azkenaldian oso txarto dago. Eta ez bera bakarrik, agian batek baino gehiagok aulkian pasatu beharko lituzke partida batzuk berriz ere indartsu bueltatzeko. Iturrasperi , adibidez, oso ondo etorri zitzaion.
Betis-en kontrako partida errazagoa izango zela uste genuen. Azkenengoak dira ligako sailkapenean, eta “lasaitasun” postuetatik sei puntura daude. Gauzak ez daude oso ondo Sevillarrentzat , eta denok uste genuen Kopa alde batera utziko zutela ligan arreta guztia jartzeko. Orain badakigu zer tokatzen zaigun, berriz ere kanporaketari buelta ematea.



![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)



