Otsailaren 18an Atlhetic-eko peñen elkartearen ez-ohiko batzarrean Juan Carlos eta Mikel egon ginen Hamaikaetabat-en izenean. Urteroko batzar hori lehenengoz egin genuen San Mamesen, prentsa-aretoan hain zuzen, eta ohi baino askoz peñakide gehiago bertaratu ginen zelai berrira.
Ilusioz joan ginen , ikusleek nekez ikus ditzaketen instalakuntzak (kazetarientzako gela, prentsa-aretoa … ) ezagutuko genituen eta. Egia esan, aurretiaz entzunda genuena bete egin zen guztiz. Izan ere, San Mameseko” tripak “ ere zoragarriak dira, bost izarreko zelai bati dagozkionak.
Peñakide guztiok bertaratze-liburuan sinatu ostean, Aitor Pereira presidenteak hasiera eman zion batzarrari. Hona hemen laburbilduta jorratu zituen gaiak.
– Peñentzako biltokia. Zelaia guztiz amaitu arte, peñok ez dugu lokal finkorik izango. Datozen batzarrei begira, Athletic-ek prentsa-aretoa berriro utziko digulako esperantza agertu zuen Aitorrek.
– Bidaiak. Kanporako bidaiak ezin dira zehaztu, behin- betiko egutegia ezagutu arte. Denboraldia amaitu arte bi bidaia aurreikusten dira.
– Peñak. Hiru peña berri daude, horietako bat Iparraldekoa (Baionako Beñat peña). Leioako Dani Aranzubiari peñari, berriz, baja eman zaio.
Vigorako bidaian peña batek sortu zituen arazoen harira, Aitorrek esan zigun haren ordezkari batzuekin hitz egin zuela eta horrelakorik ez dela berriro gertatuko ziurtatu ziotela. Horrela izan ezean, portaera desegokien protagonistak elkartetik egozteko proposamena asanbladara eramango da.
– Zorrak. Zuzendaritza taldeak ahaleginak egin ditu zorpean dauden peñek zorrak kita ditzaten. Batzuek datozen hilabeteetan ordainketa egiteko asmoa dute. Beste kasu batzuetan, berriz, Aitorrek zail ikusten du diru hori berreskuratzea, peña horiek desegin ostean, desagertu egingo dira eta.
– Palkorako gonbidapenak. Athletic-ek etxeko partidetan peña batzuk gonbidatu ohi ditu partida palkotik bertatik ikustera. Irizpidea antzinatasuna da; beraz, ez da zozketarik egiten.
– Denboraldi amaierako afaria. Txaperolo-ko kide batengalderari entzuteko, presidenteak esan zigun beste leku batean antolatuko dela, prezioaz eta menuaz kexa ugari egon ziren eta. Lekua erabakitzeke dago, Bilbon hainbeste pertsonarentzako jatetxeak aurkitzea zaila da eta.
Amaitzeko, peñakide bat kexu izan zen euskararen presentzia urriaz elkartearen ekitaldietan. Hamaikaetabat-eko ordezkariok laguntzeko prest agertu ginen Athletic eta peñen elkartean euskarak merezi duen lekua har dezan.



![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)




Aurten Vigorako bidaia lotsagarria izan zen. Autobusetako batek txerri borda bat ematen zuen. Garagardo latak, janaria, boltsak, arropa lurretik botata. Gainera, baten batek botaka egin zuen. Autobusean ez zen amaitu guztia. Izan ere, peñakide bat hiriko errepide batean lurrean botata aurkitu zuten guztiz mozkortuta, trafikoa oztopatzen