Ostegunean Lezamak 50 urte bete zituen eta, gertakaria ospatzeko, Athleticek hainbat ekitaldi antolatu zituen, hala nola lehen taldeko eraikin berriaren inagurazioa eta hitzaldi batzuk. Mintzaldiak, gaur egungo jokalarien eta jokalari ohien eskutik. Lehenengoen artean, bi taldeetako kapitainak: Iker Muniain eta Erika Vazquez. Eta erretiratutakoen artean, besteak beste, Iribar, Guerrero, Alkorta —gaur egungo kirol zuzendaria— eta Urkiaga (harrobiko maila guztietatik pasatu ostean, lehen taldera heldu zen aurreneko jokalaria).
Guztiek aho batez azpimarratu zuten, puntako instalazioak izateaz gain, munduko talde gutxik dituztela Lezama bezalako zentroak. Izan ere, entrenamendu gune berriak eraikitzerako orduan, askok geurea eredutzat eta ispilutzat hartzen dutela esan zuten. Halaber, oso oroitzapen onak gordetzen dituztela aipatu zuten, eta uste dute Athleticen filosofiarentzat guztiz funtsezkoa dela Lezama edukitzea. Horren harira, eta emaitzak gorabehera, dagoen moduan eutsi nahi diote egungo filosofiari.
Ardogintzan legez, uzta batzuk beste batzuk baino hobeak izango dira, baina guztietatik edan behar da aurrera egitekotan. Lehen taldeari gauzak behar bezala ateratzen ez zaizkionean, jendeak aipatzen du ez duela zentzurik filosofia horretan jarraitzeak. Bada, nik horiei erantzungo nieke Adurizek bere agurreko ekitaldian esandako hitz batzuekin: “Honengatik, mila aldiz nahiago borrokatu eta mila aldiz galdu, sinesten edo bat egiten ez dudan zerbaitengatik borrokatu baino”.