Munduan zehar modu asko daude hurkoa agurtzeko: sudurra elkarri igurtzi, bostekoa eman, musukatu …
Musuei dagokienez, aldaera ugari daude bai kantitatean bai musuaren “berotasunean”. Adibidez, gerra hotzean, altzairuzko oihalaz bestalde, politikarien artean ohikoa zen ahoan musukatzea. Aliatuen arteko konfiantza adierazpen hura gaur egun pentsaezina izango litzateke. Imajinatzen dituzue horrelako beroaldiak Trump eta Boris Johnsonen artean? Eta Salvini eta Abascalen artean?Inondik inora iskanbila ikaragarria izango litzateke; ustez askoz aurreratuagoa den gizartean bizi arren, arlo askotan atzera egin dugu nabarmen.
Hala ere, moralaren eta manera onen zaindari fidelak lasai egon daitezke, koronabirusak bertan behera utzi baititu adiskidetasun-keinu guztiak. Izan ere, kalera egiten ditugun irteera apurretan ezagun bat ikusten badugu, hor ibiltzen gara laguna zelan agurtu ez dakigularik. Estualdi horretatik irteteko oso aproposa iruditzen zait 36ko gudan Francoren aurkakoek erabiltzen zuten agurra. Ezagun edo senidearen aurrean paratu, ukabila lokira eraman eta “osasuna!” esan lagunari.
Une honetako desiorik onena hitz bakar batean.