Joan den urtarrilaren 3an, Athleticek jakitera eman zuen aspalditik espero zitekeen berria; hau da, Gaizka Garitanoren kaleratzea. Ordutik, hilabete igaro da eta tartean gertakari asko, hala nola Martzelino Garcia Toralen fitxaketa eta beste titulu bat; hirugarren Superkopa, alegia. Baina aldaketa, onerako izango da?
Gure taldeak egoera larriak bizi izan ditu historian zehar, adibidez, nork ez dauka gogoan biurteko beltza? Bada, Garitano antzeko une baten iritsi zen bere bihotzeko taldeko aulkira, Berizzo kaleratu zutenean.
Lehen urtea bikaina izan zen; izan ere, taldeak Europara sailkatzeko borrokari eutsi zion. Hala ere, azken minutuan, Sevillaren aurkako langa batek eragotzi zion helburu hori lortzea. Denboraldi horretan, talde sendo bat ikusi genuen, bai atzean, bai erasoan; hortaz, zuzendaritzak kontratua berritu zion Deriokoari. Nire ustez, erabaki zuzena izan zen, aurretik denboraldi oso bat izango zuelako bere lana egin eta bere dohainak erakusteko. Gainera, hasiera ezin hobea izan zen. Horren erakusle dira, besteak beste, Adurizek Bartzelonaren kontra sartutako gola eta euskal derbian lortutako garaipena. 2020ko martxoan, gaur egungo pandemiak bertan behera utzi zuen Liga hilabetez. Ordurako, Kopako beste final batera sailkatuta zegoen taldea; eta horren ondorioz, lehen aipatutako Superkopa irabazteko lehian sartuta. Ligari berriro ekin genion eta emaitzak nahiz txarrak ez izan, ez zen lortu, nire iritziz, gutxieneko xede bat: Europara sailkatzea. Gauzak horrela, zale batzuk eskatzen hasiak ziren aldaketa bat.
Aurtengo denboraldiarekin batera —niri hori behintzat gertatzen zait—, piztu egiten da ilusioa; hasiera, baina, ez zen amestutakoa izan. Emaitza kaskarrak eskuratzeaz gain, oso joko eskasa erakusten zuen taldeak. Hori gutxi balitz bezala, uste dut ezen entrenatzaileak egindako adierazpen batzuek (“jugar con jóvenes tiene un peaje, no vamos a ser capaces de ganar dos partidos seguidos”) aldagelakoei kalte egin zietela. Horren eraginez, eta nahiz jokalariek argi ez adierazi, entrenatzailearengan zuten konfiantza galdu zuten. Horrez gain, Batzar Nagusian aurrekontuei buruz gertatutakoak (kontuak atzera botatzeak) eragin zuzena izan zuela esan genezake. Horregatik guztiagatik, zuzendaritzak errotik moztu zuen arazoa, Garitano kaleratuta. Kargutik bota eta egun batera, berriz, Martzelino iritsi zen ilusioz beteta. Geroztik, hiruzpalau partida zuzendu dituen arren, eta nahiz alderdi taktiko batzuetan Garitanorekin bat egiten duen, jokalariei berriro piztu die edonori irabazteko grina. Ikusiko dugu etorkizunean zer gertatuko den, baina bederen taldeak beste itxura bat eskaini du lehen egun hauetan.
Zuen ustez, zer espero liteke Athletic berri honengandik? Itxaropentsu zaudete?