::Elena Sierra.
Hitz bat, besterik ez. Hitz bat? Zenbat hitz da hitz bat? Hitz bat nahikoa da. Osoa. Hitz guztiak. Hitz batetik beste batera. Batetik mundura. Erabil dezakezue esamoldea: txapela buruan eta ibili. Ibili. Asmatu. Gogoratu.
Gaur goizean, klasean. Hitz bat, besterik ez. Baina mugarik gabe. Bidaia luzea. Zoratuta. Zorabiatuta. Dibertigarriak dira, hauek bai, beti hauexek nahasten ditugu (agian ez, agian ez dugu nahasten eta ez gaude oker, hitzak, badakizue, dunak, mugikorrak, mutanteak…). Gaur goizean, beste egun batzuetan baino gehiago.
Zelan daukazue burua? Ondo, esaten dugu -zerbait esateko, zerbait esaten dugunenan-, baina burua ez da burua soilik eta hitz hori, ‘ondo’, ez da nahikoa. Nahasten dugu, eta ezerk ez dauka ez hanka ez buru. Ezta guk ere. Gu, jakina, beti borrokan; baita irakaslea ere (gaur behintzat). Zoratuta. Ala zorabiatuta?
Hitza: ‘beldur’. Beldurra mundu bat da, mundua beldurra, beldurgarria da (ez errepikatu hitz beldurgarri hori, beldurra, ‘bedlurra’, ‘delburra’, deabrua).
Egin esaldiak beldur hitzarekin, mesedez. Euskararen beldur / Euskarari beldur / Euskara ikasteko beldur. Oso ondo, Gabilondo. Erraza? Jarraitu: ipini aditza, ausartu. Sartu (hanka, burua, nahi duzuena), ausartu. Beldurra. Denetarik. Behin baino gehiago, denetarik. Arbelean dagoen bitartean, denok ikusten dugu: naiz, diot, naiz. Ez dut ‘beldurtu’ erabiliko, ez kezkatu. Bai, bai, argi dago. Bat-batean (bat? Batean? Ez dut uste bat, besterik ez), orrian, ah, bakoitzak orrian dena aldatzen du. Euskararen beldur diot; euskarari beldur naiz; euskara beldurgarria… Nahikoa da.
Ez duzue gure oihua entzun, gaur goizean? Irakaslearena? Oihua, hitz bat da? Ez? Zer da? Zer, zor… Zer zor diogu oihuari? Jarraitu, oihuatik ohiturara. Ohitura: bizi izateko ohitura dut, bizi izatea ohitura da, bizi izatera ohituta nago. Ondo? Orain nahastu. Hasi berriro. Bizitza, badakizue, nahasketa eta nahastura.
Hitzak, hitzak. Irakasleak, HABEren moduan, idazlanari koherentzia eta kohesioa eman behar dizkiogula esaten du. Gure ‘mantra’ horixe da. Koherentzia eta kohesioa, koherentzia eta kohesioa, koherentzia eta kohesioa. Gaur hitz bat falta zait. Nire munduan, buruan, ‘cordura’. Hori? Hori lehen. Orain: zentzua, zentzutasuna.


![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)




Hiz ederrak, zeureak! «Mantra» horri, gainera, egokitasuna, aberastasuna eta zuzentasuna erantsi behar zaizkio.