::Mikel Etxebarria.
Monarka batzuen gehiegikeriek kolokan jarri dituzte buru korodun batzuk. Errege- Erreginekiko urteetako miresmena galdu egin da eta horren ondorioz, askori begien aurreko benda erori zaie. Kazetari, politikari eta herri xumearen lehengo biba eta txaloak kritika zorrotz bihurtu dira.
Niri ere halako zerbait gertatu zait. Errege bakarra miresten nuen, baina azken hilabeteetan erakutsi duen lerdokeriak, futbolean ere, errepublikaren alde lerrokatu nau.
Edson Arantas do Nascimento o Rei Pele-z ari naiz, ziur asko inoizko jokalaririk onena, nire adineko zale gehienok miretsi duguna. Gona laburreko neskak eta kopuru handiko txekeak gustuko dituela ez da kontu berria, baina erregeari, O Rei-ri, horrelakoak barkatu ahal zitzaizkion. Gainontzeko monarkietan bezala, mendekook ezikusiarena egiten genuen. Baina, egin duen azkenak ez du barkatzerik, nire futbol-errepublikan ez dut horrelako morroirik nahi. Zein arin pasatu den erregea izatetik morroira izatera!
Azken asteotan Brasilen ez da giro Munduko Koparen aurkako protestak ugari baitira. Futbol-zelaiak eraikitzen ari diren langileen lan-baldintzak negargarriak dira, eta horren ondorioz behargin batzuk hil dira. Gainera, brasildar askok ez du ulertzen zelan gastatu ahal den hainbeste diru, herritar piloa pobrezian edo haren atarian bizi direnean. Horren harira, deigarri bezain eredugarria izan zen orain gutxi Brasilgo taldearen autobusaren aurrean egindako protesta. Bildutakoek autobusari ez zioten pasatzen utzi eta pegatinaz bete zuten. “Irakasle batek Ronaldok baino askoz gehiago balio du” leloa komunikabide guztietan entzun eta irakurri ahal izan genuen. Hala ere, esan ohi den moduan, entzun nahi ez duena baino gorragorik ez dago, eta O Rei-ren jauregira ez omen dira gosetien oihuak heltzen; bestela, nekez ulertzen dira Peleren azkenengo adierazpenak.
Peleren ustez, hildako langileengatik ez dago protesta egiterik, halakoak egunero gertatzen baitira; gainera, lanak oso atzeraturik daude denbora galtzen hasteko. Hori bai, oso kezkaturik (erregeak ere kezkatzen dira?) zegoela adierazi zuen; izan ere, udarako aireportuak turista guztiak jasotzeko prest egongo ote diren beldur da.
Menos samba e mais traballar”, erregeak mantentzea garestia da eta.



![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)




Egun halako gaia pil-pilean dago… Zerbait zenekien Mikel?
Juankarrek atzo esan zuen joan nahi zuela baina bere se mea etorriko da. Agian Pele mundiala pasa o doren joango da. Ezta?
Kasulitate hutsa izan da. Nahi barik, magia beltza egiten duen belagile horietakoa izango naiz? Badakizu zertan ari naizen,ezta?