::Mikel Etxebarria
Nora Ormaetxea neska gaztea izan arren, modaren munduan aditua dela esan dezakegu. Eskolatik irten, eta tartetxo bat egin digu bere zaletasunaz berba egiteko.
Nondik datorkizu modarekiko zaletasuna?
Betidanik gustatu zaidan gauza da. Beti denden aurrean geratzen nintzen erakusleihoak ikusten. Arropa erosteaz gain, nola egiten den eta oihalen ezaugarriak nire gustuko gauzak izan dira.
Modari buruzko bloga izan duzu. Zelan bururatu zitzaizun modari buruzko bloga egitea?
Duela 3 urte jarri nuen martxan lagun batekin. Lagun hori Estatu Batuetara joan zen eta harremanetan egoteko blog bat sortzea ideia ona izan zitekeela pentsatu genuen. Arropari argazkiak ateratzen genizkion eta blogean argazkiok eta geure iruzkinak igotzen genituen. Duela gutxi bloga itxi behar izan nuen denbora ezagatik.
Gazte guztiek berdin janzten dutela entzuten da. Ados zaude?
Hiri batean dauden denda gehienek antzeko arropa saltzen dute: eguneroko arropa prezio merkean. Dagoen krisiak ere zerikusia du, gazte gehienek ez dute aukerarik beste denda- mota batera joateko.
Horrelako dendetan erostea merezi du?
Bai, baina batzuetan hobe da kalitate handiagoko arropa erostea, gehiago irauten du eta.
“Txonismoa” eta “markismoa” maiz entzuten ditugu. Nola definituko zenituzke?
Txoniak nahiko horterak dira. Txandala, oinetako deigarriak eta gehiegizko makillajea beraien ezaugarriak dira. Markismoa da arropa-marka jakin bat erostea marka horrek esan nahi duenarengatik eta ez zure gustukoa izategatik.
Ospetsuen artean zein nabarmenduko zenuke dotorea izateagatik?
Olivia Palermo oso dotore agertzen da aldizkari guztietan. Arropa merkea janzten duenean ere, itxura ona mantentzen du.
Eta gustu txarra izateagatik?
Isabelita, Isabel Pantojaren alaba. Txoni peto-petoa da.
Zein arropa-mota datorkigu uda honetarako?
Ez dut uste aldaketa nabarmenik egongo denik. “Arropa militarra”, iaz bezala puri-purian egongo da eta koloreen artean berdea eta marroia.
Zer egon behar da beti armairu batean?
Praka bakeroak, oinetako erosoak eta blazer bat.
Azken bolada honetan askotan entzuten da “hipster” hitza. Zeintzuk dira “hipsterrak”?
Vintage arropa eta pasta-betaurrekoak janzten dituzte. Euren itxuraz harro daudenez, bere buruari egindako argazkik sare sozialetan eskegitzen dituzte. Beraien arropak ez dira egunero ikusten direnak, aspaldiko joareak dituzte eredu eta. Originaltasun hori atsegin dut.
Amaitzeko, zein da apaingarrien garrantzia?
Handia, batzuetan jantzia bera baino ikusgarriagoa da. Apaingarri egokiak erabiltzeak bizitasun berezia ematen dio arropari.



![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)




Nire amak eta biok irakurri dugu elkarrizketa. Gutiz adoz gaude eman dituzun gomendio eta erantzun guztiekin. Oso neska majua dirudizu eta izenburuak dion bezala, modan aditua.
Zorionak, Nora, artikuluagatik. Pena da, baina, bloga itxi izana.