:: Mikel Etxebarria.
Katedralari aurten esan beharko diogu agur; horregatik, une aproposa da ehun urteko historia zoragarriaren hasiera gogoratzeko.
Bizkaian, bitxia iruditu arren, futbol-zelaia bertako taldeak baino lehenago agertu zen. 1882an, hau da, Athletic sortu aurretik, Astilleros del Nervion ontzioletan lan egiten zuten britainiar batzuek Lamiakoko hipodromoan football-ean jokatu ohi zuten jai-egunetan. Ingalaterratik ekarritako kirol horrek Bilboko gazte batzuen zaletasuna piztu zuen, eta horrela Athletic Club eta Bilbao Football Club sortu ziren. Urte batzuk beranduago, Athletic Club de Bilbao osatuko zuten bi talde horiek jokatzeko lekurik ez zutenez, alokairua erdibana ordainduta, Lamiakoko hipodromoa alokatzea erabaki zuten. Horrela, bada, 1902ko urtarrilean sarrera kobratu zen lehen partida jokatu zuten bi talde bilbotarrek. Sarrerek hiru txakur txiki balio izan zuten arren, ikusle ugari hurbildu zen Leioako hipodromora.
Hala ere, zelai horrek bi oztopo handi zituen futbolean jokatu ahal izateko. Alde batetik, Gobelak eta Ibaizabalek eragindako uholdeek kalte handiak eragiten zizkieten berdeguneari eta gainontzeko instalakuntzei. Bestetik, zaldi-lasterketen denboraldian hipodromoan ez zegoen futbolean aritzerik, lasterketek lehentasuna zuten eta. Urtean gero eta partida gehiago jokatzen zirenez, beste zelai batera joateko ideia mamituz joan zen agintarien artean. Mamitu eta gauzatu.
1909tik 1912ra Athletic-ek Neguriko Jolasetan jokatu zuen. Garai hartako gizarte-kroniken[1] arabera, zelai ederra zen, la creme de la creme jasotzeko prestaturik. Benetako zaleak, ordea, ez zeuden oso gustura, Bilbotik urrun egoteagatik eta Negurin bildutako zale gehienak Getxoko Arenas-en aldekoak izateagatik.
Gauzak horrela, 1912ko abenduaren 10ean, Alejandro de la Sota presidenteak deitutako batzarrean, futbol-zelaia Bilbon bertan eraikitzeko proposamena onartu egin zen. Indautxun egiteko asmoa baztertu ondoren, Gran Viaren amaieran zegoen San Mames ermitaren ondoko lursailak aukeratu zituzten futbolaren historian ikurra izango zen zelaia eraikitzeko.
Lekua behin aukeratuta, gastuei zelan egin aurre izan zen hurrengoa. Hasierako proiektuaren arabera, 50.000 pezeta beharko ziren. Izugarrizko kopuru hori lortzeko asmoz, herri-harpidetza egin zen bazkideen artean, baina 40.700 baino ez ziren bildu. Gainera, berehala argi geratu zen kalkuluetan labur geratu zirela eta diru-kopuru handiagoa beharko zutela lanei amaiera emateko. Horregatik, zuzendaritza-taldeak Bizkaiko Aurrezki Kutxari diru-mailegua – 59.000 pezeta gehiago – eskatu zion gastu guztiei aurre egiteko. Bizkaiko kutxak onespena eman zuen, baina baldintza batez: Kutxa bera lurraren jabea izatea.[2]
Arazo ekonomikoak gainditu ostean, 1912ko abuztuaren 21ean, Manuel Maria Smith-ek diseinatutako zelaia inaguratu zen. 3.500 ikuslek harmailak bete zituzten Irungo Racing-en aurkako partida ikusteko. Pitxitxik sartu zuen lehenengo gola, baina, azkenean, irundarrek berdintzea lortu zuten Arrateren gol bati esker.
Garai hartako San Mames izugarria omen zen. Egurrezko tribuna ederra eta bertan sei ilara ikusle. Palkoek eta soropilaren inguruko loreek ingeles kutsu dotorea ematen zioten. Ehun urte luzean desagertu ez den kutsua.
![o_athletic_club_de_bilbao_la_historia-2159[1]](http://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/o_athletic_club_de_bilbao_la_historia-21591.jpg)

![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)




larunbatean San Mames ikusi nuen barrutik eta asko gustatu zitzaidan:palkoa, bankilloa, aldagela, museoa…Ederra izan zen.