hamaikaetabat

juan mateo zabala euskaltegiaren peña

mikel 2014 / 11 / 16

::Ana Bahamonde.

Aleandra  Sao Paulokoa da. Brasiletik irten  ondoren, Portugalen, Bartzelonan eta Madrilen bizi izan zen eta duela 9 urte Bilbon bizi da.

Hainbeste lekutatik pasa ondoren, zerk animatu zintuen Bilbon geratzera?

Nire senarra bilbotarra da.

Zerk harritu zintuen Bilbora heldu zinenean?

Mendiek eta kolore berdeak. Paisaia izugarri gustatu zitzaidan.

Zertan gara ezberdinak bilbotarrok eta Sao Paulokoak?IMG-20141115-WA0000

Izaera oso ezberdina da. Beti ondo tratatu naute baina, hasiera batean , hitz egiteko moduak atentzioa eman zidan. Hemen denek oso altu hitz egiten dutenez, nirekin haserre zeudela pentsatzen nuen. Brasilen, oro har, gozoago hitz egiten da.

Ondo tratatu zaituztela esan duzu.

Nik ez dut kexatzerik. Agian, senarra hemengoa denez, errazagoa izan dut, baina lanean ere ondo sentitu naiz.

Zertan egin duzu lan?

Hasiera batean ardo-biltegi batean lan egin nuen. Lan hori kostatu zitzaidan, artean gaztelaniaz egitea kostatzen zitzaidan eta. Gero, Bilboko udalak kontratatu ninduen eta dantza-irakasle hasi nintzen Miribillan. Nire zaletasuna lan bihurtu nuen hiru urtez. Ikastaroak oso arrakastatsuak izan ziren eta 80 ikasle baino gehiago apuntatu ziren ekialdeko dantzak (sabel-dantza, dantza arabiarrak  …) ikasteko.

Aleandra euskaltegian

Aleandra euskaltegian

Euskaldunok erritmo handirik ez dugula esan ohi da.

Egia da brasildarrei baino gehiago kostatzen zaizuela, baina nik dantza-konpainia dut, hemengoek osatua, eta sari batzuk irabazi ditugu.

Nolakoa izan da zure harremana euskararekin?

Hizkuntzak izugarri gustatzen zaizkit. Hona etorri nintzenean ez nekien gazteleraz eta bederatzi urte hauetan ingelesa eta gaztelania ikasi ditut. Euskara, berriz, ez zen nire gustukoa. Semea Lauron matrikulatu genuen eta niretzat gogorra izan zen, ikasketetan ezin bainion lagundu. Euskara oztopo edo langa bat bezalakoa zen semearekiko harremanean. Zorionez,  gauzak aldatu egin ziren. Iaz, ikastolako batzar batera joan nintzen eta ez dakit zergatik, baina ikuspuntua aldatu nuen guztiz. Hor ikusi nuen arazoa konpontzeko modurik onena euskara ikastea  zela. Eta esan dezaket orain euskararekin maiteminduta nagoela.

Duela hilabete bat euskara ikasten hasi zinen. Zelan sentitu zara?

Gogo handiz hasi naiz. Hemengo batzuek esan didate ea zelan bururatu zaidan euskara ikasten hastea, ea dakidan zertan sartu naizen. Nik beti esaten diet lehenengo pausoa saiatzea dela eta gaur atzo baino gehiago dakidala. Niri gehien kostatzen zaidana esaldien ordena da, oso ezberdina baita. Hala ere, gogoa jarrita, ez dela hain zaila uste dut.

Zein da zure helburua?

Benetako helburua kalean euskaraz defendatzea, gaztelaniaz egiten dudan moduan egitea. Euskara ederra da eta pena da hemengo jendeak ez erabiltzea. Nire konpainiarekin bidaia asko egin ditut Bartzelonara eta Valentziara eta hor haien hizkuntza kalean entzuten da.

Euskaltegitik kanpo euskaraz egiteko aukerarik?

Senarrak ez daki eta semearekin portugesez egiten dut. Nik egiten dudana da egunero telebista euskaraz ikustea. Entzutea oso garrantzitsua da.

 

Erantzun bat orain arte.

  1. Patxi dice:

    Azaldu ahal duzu zergatik, aldaketa? Hau da, euskara langa eta oztopo izatetik «maitatua» izatera?
    Bestalde, bidali ahal diozu Mikeli sabel-dantzaren grabaziorik?


Shares