::Yaiza Bueno.
Aurten ere eguraldi kaskarra. Dena den, 500 kirolari baino gehiago sartu ziren aurreko larunbatean itsasadarrean 1,9 kilometro igerian egiteko prest. Udaletxetik atera ziren eta La Salve zubian buelta eman zuten Areatzako zubiraino. 12:15ean neskak hasi ziren; 5 minutu beranduago, mutilak. Espero zen bezala, Virginia Berasategik lehenengo postuari eutsi zion lasterketa osoan. Mutilen artean, Mikel Elgezabal azkarrena izan lehenengo atal honetan, baina iazko irabazleak arazo muskularrak izan zituen oinezko lasterketako 12. kilometroan eta utzi behar izan zuen proba. Ez zen bakarra izan: 50 triatletak baino gehiagok utzi behar izan zuten triatloia lehenengo atalean hotza eta itsasaldia zela eta.
Honen ostean, boxetara abiatu ziren ziztu bizian, euripean neoprenoa kendu eta bizikleta hartzeko. Askok eskuak izoztuta egin zuten trantsizioa. Jarraian, 90 kilometro txirringaz: Areatzatik udaletxera, horren ondoko aldapatik Artxandara eta Viverora bitan igo ziren buelta bi osatzeko. Ibilbide gogorra, eta euriak eta haizeak atsedenik ematen ez dutenean, askoz gehiago. Bigarren atal honen bitartean, ikusle gehienok Bilboko kaleetatik desagertu ginen zerbait beroren bila. 2 ordu eta erdi inguru izan zuten faboritoen jarraitzaileek, apur bat gehiago beste guztiok.
Egia esan, hauxe da niretzat momenturik larriena: uretan zein txirringa gainean, behin eta berriro ikusten dituzu kirolariak, baina ez txirringaz dabiltzan bitartean, beraz, gogoz itxaroten diezu jakiteko ez direla erori, ez dutela arazo teknikorik izan … eta behin ikusita, triatloiaz disfrutatzen jarrai daiteke. Eta disfrutatzeko oraindik 21 kilometro korrika falta ziren: aurten 3 buelta egin zuten Areatzatik Euskaldunara itsasadarren ondotik. Ikusleontzat, atal entretenigarriena; haientzat, amaiera hurbilago dagoelako seinalea. Azken proba honetan jarri zen Aimar Agirresarobe lehenengo helmugara arte.
Triatloia amaituta, pultsometroetara begiratzeari utzi gabe, familia eta lagunak agurtuta, taldekideekin sentsazioak komentatzeko unea heltzen da. Ados egoten dira gauza batean: garrantzitsuena gozatzea da, eta antza, guk euritakoa eskuan baino gehiago egin zuten haiek.

![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)




Virginia Berasatagik positibo eman zuen Bilboko triatloian, eta kontraanalisia eskatuko du: http://www.elcorreo.com/vizcaya/20130615/deportes/mas-deporte/virginia-berasategui-positivo-triatlon-201306151443.html
2005ean bezala gertatuko ote da? Hau da, artxibatuko ote dute kasua, egindako kontrolaren okerrengatik?… Urak egingo du bide!
Irabazleek kontrola pasatu behar dutela jakinda, arraro egiten zait arrisku hori hartzea.
Zoritxarrez, irakur ezazu hau:
http://www.berria.info/albisteak/81084/berasategik_bilboko_triatloiean_dopatu_zela_onartu_du.htm
Berri penagarria. Azkenengo lasterketan irabazi gabe ere, jendeak mirestuko zuen. Berri hau ezagututa, zale askok Berasategiren lorpenak zalantzan jarriko dituzte.