Juan Carlos Murillo:: Ba ote da Bilboko sukaldaritzarik? Badakit berehala erantzungo duzuela norberaren amak egiten duena dela eta egia borobil honen atzean zer dagoen hausnartzera gonbidatuko zintuzketet.
Ondotxo dakigu, jakin, goi mailako euskal sukaldaritza, nazioarte mailako jatetxe izardun horietan egiten dena, amamen eta amen eskuetatik eta sukaldetatik jaso dutela mundu zabalean hain ibili eta sonatuak diren sukaldariek. Horixe da, hain zuzen, goi mailako sukaldaritza eta etxekoa erro berekoak izatea, inguru hauetako sukaldaritzaren ezaugarri nagusietako bat. Baina, ni ez nindoan bide horretatik, ez.
Nire galdera da, Bizkaiko sukaldaritza dagoen bezala, eta ederto erakutsi digute, besteak beste, Jesús Llonaren eta Garbiñe Badiolaren lan eta idazki askok, Bilboko sukaldaritza dei daitekeenik ote den.
Horietan ezaugarri biri erreparatuko nieke nik bereziki, bide bazter nahasietan galtzen hasi baino lehen. Izenari, bat, hau da, «a la bilbaína» edota «Bilboko erara» izenean daramaten platerak, bat, eta jatorriari, sortzez Bilbon sortu edota ohituraz oso bilbotar sentitzen direlako, bestea.
Horrela ba, Bilboko menua, Bilboko karta, osatzera animatu nahi zaituztet, etxera edota txikitako garaietara eramaten gaituzten platerrak hona ekarriz, bai post honen azpian iruzkinak egiten baita, eta bereziki, zuen gustuko plater eta kutizien inguruko postak gehitzen. Horra bada ideia batzuk: pistoa, menestra Bilboko erara, bakailao Ranero Clubaren erara, arroz pastela, «Gildak», … segi zuek.
Juan Mari Arzak handiari behin entzun nion sukaldaritza memoriaren artea zela eta nire lagun batek pistoa dela eta esango lukeen moduan, barazki xume horiek iraganera eramaten naute eta baita munduko jakirik preziatuenak baino plazer handiagoa eman ere.


![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)




Familia ez dut bilbotarra, inguruetakoa baizik. Horregatik, ez dakit etxean betidanik jan izan ditugun plateren jatorria bilbotarra ala bizkaitarra den.
Bilboko sukaldaritzaz ezin dut gauza handirik esan, aditua ez naiz eta, baina badaude produktu batzuk, «adoptatuak»izan arren, Bilbori loturik daudenak. Hona hemen zerrenda txiki bat.
Oro garadardoa(glups!)
Iturri gaseosa.
Pozas kaleko ardaiendegiaren atun otartekoak.
Viñako pernila eta moskatela.
La Modernako saltxitxa zuriak.
«M»ren sandwichak.
Arreseren trufak.
Malba zuriko karameluak.
El León patata frijituak.
Zerrenda zabala denez, eman segida!