hamaikaetabat

juan mateo zabala euskaltegiaren peña

mikel 2013 / 06 / 4

:: Maite Gonzalez Bilbao.

Domekan, Rayo Vallecanoren aurka jokatutako partidan, hainbat ziklori bukaera eman zitzaizkion. Behingoz denboraldi honi bukaera eman diogu, nahiz eta niretzat Mallorcari irabazi eta gero amaitutzat eman. Beste ziklo bat zarratu dugu aurtengo denboraldian, San Mames-i agur esan diogu. Eta badirudi egun batzuk barru beste ziklo bati ere bukaera emango diogula, entrenatzailearenari hain zuzen. Antza denez, Bielsaren aroa amaierara iritsi da. Oraindik ez da ezer konfirmatu, baina Valverdek Valentziari emandako ezezkoaren ondoren, eta Urrutiak Bielsarekin berritzeko kontaktuan ez jartzeak gauzak nahiko argi uzten ditu nire ustez.

Ernesto Valverdek domekan aitortu zuen ez zuela Valentziako entrenatzaile moduan jarraituko, eta erabaki hau duela denbora asko hartuta zuela esan zuen. Hori jakinda, nire hausnarketa hauxe da: Athletic-era baldin badator, noiztik dago Athletic-eko zuzendaritza batzordearekin harremanetan? Erabakia oraingoa ez bada, horrek esan nahi du kontaktuan egon dela Athletic-ekin. Nik ulertzen dut, esaterako, apirilean harremanetan hasi baziren normala dela publikoki ez esatea, ez zelako talderako ona izango. Baina ikusita zelako espekulazioak izan diren, zeren zain daude zerbait  esateko?

Bielsa, Urrutia eta Valverde

Valverde, Urrutia eta Bielsa

 

Nire ustez Bielsaren berritzea uztailean erabakita geratu zen. Lezamako obrak zirela eta, gertatutako iskanbilaren ondoren, Bielsa eta Urrutiaren arteko erlazioa kaltetuta geratu zen. Momentu horretatik aurrera tentsio handiko harremana izan dutela esango nuke.

Datorren denboraldiari begira, ez dut uste oso erreza izango denik Athletic-eko zuzendaritza batzorderako. Gauzak ondo irteten badira, seguruenik ez da arazorik egongo, beti bezala. Baina kirol arloan problemaren bat baldin badago, badakigu nork jasoko duen harmailetako haserrealdia. Ni nahiko gaztea naiz, baina ez dut inoiz ikusi hainbeste zale, San Mames-en zein beste futbol zelaietan, entrenatzaile baten jarraipena eskatzen. Sinadura bilketak ere badaude Bielsaren jarraipenaren alde … Espero dezagun, azkeneko erabakia izaten dena izaten dela, batzordea ez damutzea. Taldearen onerako espero dut horrela ez izatea.

Etorkizunari begira, Valverderen alde puntu positibo asko daude. Athletic oso ondo ezagutzen du, sei urte egin zituen jokalari moduan eta zortzi entrenatzaile bezala, horietako bi lehenengo taldean. Gainera, denboraldi horietako bi jokalarirekin topo egingo luke, Carlos Gurpegui eta Andoni Iraolarekin, momentuan taldeko pisu handiko jokalariak.

 

Erantzun bat orain arte.

  1. hamaikaetabat dice:

    Oraindik ez dakigu zer gertatuko den. Ni neu Bielsak jarraitzearen aldekoa naiz eta hori gertatzea espero dut. Hala ere, Urrutiak ez berritzea erabakitzen badu, horretarako guk ez ditugun datuak (kirol arlokoak ez direnak) izango dituela uste dut. Hori bai, aspaldikoak bezaloko gerrak baztertu behar ditugu guztiz, horrelakoetan guztiok irteten baikara galtzaile.


Shares