::Mikel Etxebarria.
Guruceta, Tomeu eta García de Loza izan dira San Mames-en antolatu diren iskanbilarik handienen protagonistak. Zein baino zein harroagoa, hirurek txilibitu kontzertu ederrak eskaini dituzte Bilbon. Hala ere, zaleei galdetuko bagenie zein izan den San Mames-etik igaro den arbitrorik txarrena, erantzuna erabatekoa izango litzateke: Carlos Emilio Guruceta Muro.
Guruceta hasiera-hasieratik nabarmendu zen. Arbitro lodi, hanka- motz eta burusoilen artean[i], Donostiarra pertxa onekoa zen eta permanentea egiteko besteko ilajea zuen. Gainera, zelai guztietan oso komentatua izan zen beste ezaugarri bat zuen: behar zuena baino bi neurri txikiagoko arropa janztea. Ezagutu ez duzuenok ideia bat egiteko, “Pepito Piscinas” eta Tony Maneiroren arteko txertaketaren fruitua Carlos Guruceta Muro izango litzateke.
Izaera handiko arbitroak, harroputza esango lukete batzuek, “ikuskizunerako dohain” apartak gazte-gaztetatik erakutsi zituen. Lehenengo mailan debutatu zuen denboraldian (1969an) zortzi partida baino ez zituen zuzendu. Partida gutxi izan arren, lau taldek errefusatzeaz gain,[ii] urteko iskanbilaren protagonista izan zen, Barcelonaren zelaian Madrilen aldeko falta penalti bihurtu zuenean[iii]. Horren ondorioz, 6 hilabetez arbitratu barik egotera zigortu zuten. Gainera, Barcelonak errefusatu zuenez, 1985era arte ezin izan zuen culeen partida bat zuzendu.
Ondorengo urteetan Gurucetaren txilibituaren biktimak ugarituz joan ziren munduko zelaietan zehar. 1977an. Carlos Emiliok marka guztiak apurtu zituen partida bakar batean. Unebertsiadako partida batean, Hego Korea eta Paraguay-ren arteko norgehiagokan, Paraguayko hamaika jokalariak kanporatu zituen.
San Mames ere gipuzkoarraren gorabeheren agertokia izan zen. “Emankizun”ek amaiera bera izan ohi zuten: “gris”en[iv] agerraldia kuxin[v] -euripean. Partida batean Rojo kanporatu zuen eta izugarrizko kalapita sortu omen zen, Iribar bezalako jokalari zintzo eta lasaia bere onetik ateratzeko bestekoa[vi]. Garaiko kronika guztietan arbitroaren portaera harro eta desegokia nabarmendu zen.
Urte batzuk geroago, bere izena zeraman kirol-arropa saltzeko enpresa sortu zuen Murtzian. Hala ere, Katalunian salmentak oso urriak izan zirenez, enpresaren produktuak beste izen batez merkaturatu behar izan zituen.
1987ko otsailean, partida bat arbitratzera zihoala, auto-istripuz hil zen Fragan. Badirudi istripuaren arrazoia gehiegizko abiadura izan zela. Handik urte batzuetara, 1997an, Anderlecht-eko presidente ohiak aitortu zuen 1983an 4 milioi pezeta ordaindu ziola Gurucetari Nottinghan Forest-en aurkako partida batean[vii]. UEFAko finalaurreko kanporaketa hartan belgikarren aldeko penaltia adierazteaz gain, gol bat baliogabetu zion Nottinghan-i azken minutuan.
Emilio Guruceta “genio y figura hasta la sepultura”
[i] Hirurogeiko hamarkadaren amaieran horrelakoak omen ziren arlo guztietako agintariak.
[ii] Garai hartan, arbitro batzuk gehiagotan ez tokatzeko eskatu ahal zuten taldeek.
[iii] Irudiek falta areatik bi metrora izan zela erakutsi zuten.
[iv] “Gris”ak garai hartako poliziak ziren. Ezizena janzten zuten uniformearen koloretik zetorren.
[v] Garai hartan partida hasi aurretik kuxinak hartzea posible zen. Kuxinak erosoago egoteko eta arropa ez zikintzeko erabiltzen ziren. Lortutako dirua Misericordiari ematen zitzaion.
[vi] Athletic-eko jokalari guztiak, Iribar barne, zelai erdian protestaka zeudenean, jokoan jarraitzeko agindua eman zuen.
[vii] Belgikarrek urte batzuetako zigorra jaso zuten horren kontura.


![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)




A zer nolako oroitzapenak Mikel! Nik ez dut uste inoiz zuzenean ikusi nuenik; dudan irudia telebistakoa da, garai haietako telebistakoa, zuri-beltza.
Pena gaur egun arbitroak ezin errefusatzea. Horren ordez, hozkailua erabiltzen omen da hutsak egin dituztenean denboralditxo batez zigortzeko.
Eta kontu bitxietan maisu zaitugunez, hurrengo sarrera baterako proposamena: zergatik erabiltzen dira epaileen kasuan bi abizenak?
Harritzen nau zuk ikusi ez izanak, hil zenean arbitratzen jarraitzen zuen eta. Gainera, gaur ez bezala, garai hartan Gipuzkoako arbitoak ere tokatu ahal zitzaizkigun.
Arbitroen abizenena kontu bitxia da. Nik uste dut errespetua eta aurrean dagoenarekiko distantzia adierazteko erabiltzen dela. Soladadutzan eta politikan ere erabili ohi da: Fraga Iribarne, Rodriguez Zapatero, Franco Bahamonde, Carrero Blanco, Aramburu Topete … Badakizu, agindu nahi baduzu, abizen biak erabili.