::Maite Gonzalez Bilbao.
Ia ezinezkoa egiten zait asteazkeneko egunari buruz asko hitz egitea. Sentimendu pilaketen eguna izan zen. Alde batetik, pozik nengoen etorkizunari bidea zabaltzen geniolako … baina ezinezkoa zen aldi berean triste egon. 100 urteri agur.
Osasuna eta Betis-en aurkako partidak, atsedenaldian 0-3 galtzen joan eta gero markagailuari emandako buelta; Julen Guerreroren 100. gola; Carlos Gurpegiren buelta zigorra bete eta gero; Sevillaren aurka jokatutako errege kopako finalerdia eta Del Nido presidentearen aurkako oihuak; pasa dan urteko Europako partidak … eta hainbat eta hainbat momentu gehiago gogoratu nituen asteazkeneko omenaldian zehar. Ohore bat izan da momentu horiek Katedralean bizitzea.
Momentu oso bereziak bizi izan ziren 8:30etik aurrera, baina unerik gorenena Athletic izan dituen azkeneko bost kapitainen zelairatzearekin heldu zen. Bereziki, Julen Guerrero eta Jose Angel Iribarrekin zaleek dena eman zuten. San Mames-ek urteetan zehar abestutako kantak errepikatu zituen. Denok ahots batez: “Julen! Julen!” eta “Iribar, Iribar, Iribar es cojonudo, como Iribar no hay ninguno!”. Athletic-en garai bereziak markatu zituzten mito bi hauek.
Gainera gazteok garenok inoiz ahaztuko ez dugun momentua ikusteko aukera izan genuen. Iribar jokatzen ikustea!!! Berari buruz askotan hitz egiten entzun ondoren, orain bai esan dezakekedala “Iribar ikusi nuen Athletic-eko atea defendatzen!”. Zelako ohorea!
Zelaiz aldatuko gara, baina San Mames-i bizitza ematen diona zaleok gara, eta guk inoiz ez diogu Athletic-i bizkarra emango. Asteazkenean argi ikusi genuen San Mames-eko espirituak denboran luze dirauela, Iribar eta Julenen eragin eta itzalak oraindik hor daude eta urteak pasatu dira erretiratu zirenetik.
Zelai berria zapaltzeko irrikaz nago. Ziur nago momentu paregabeak ere biziko ditugula bertan.



![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)




Bai, arrazoi duzu. Gazteak garenontzat, ez hain baina, Iribar futbol zalaian ikustea ahaztezina izango da (jokatzen esatea agian gehiegi esatea da). Julenek oso keinu polita izan zuen berarekin baloia zelaiaren erditik eman zionean Iribarrek jotzeko. Zaletuok zoratzen, jakina. Ea zelai berrian horrelakoak eta hobeak bizitzeko aukera dugun!