::Mikel Etxebarria.
Urrutiak Bielsaren fitxaketa iragarri zuenean, iritzi kontrajarriak entzun ziren zaleen artean. Batzuek munduko entrenatzailerik onenetarikoa zela aipatzen zuten; beste batzuek, berriz, zalantzan jartzen zuten argentinar baten egokitasuna Athletic-en aulkirako. Zorionez, iazko emaitza zoragarriek beldur horiek uxatzeko balio izan zuten, baina aurrekariak ikusita, erraz ulertzen dira batzuen susmo txar horiek.
Nondik dator, bada, argentinarrenganako mesfidantza hori? Athletic-en historian atzera egiten badugu, ez dira gutxi izan argentinarrak protagonistak izan diren liskarrak.
Lehena, eta esanguratsuenetarikoa, 1954an urtean gertatu zen, Avellanedako Independiente taldeak, Argentinako txapeldunak, Europan zehar egin zuen biran. Avellanedakoen hamaikakoan Grillok, Hego Amerikako garaiko jokalaririk onenak, jokatzen zuen. Independientek, Bilbora heldu arte partida guztiak irabazi zituenez, San Mameseko harmailak lepo zeuden. Berehala, baina, hasierako ikusmina amorru bilakatu zen argentinarren trikimailuek ikusleak sumindu baitzituzten. Giroa gori- gori zegoenean, Grillok izugarrizko ukabilkada eman zion Mazagatos arbitroari. Hura ikusita, ikusle ugarik zelaira salto egin zuten arbitroa defendatzeko asmoz. Ondorengo borroka izugarria izan omen zen, Avellanedakoak boxeoan futbolean bezain trebeak ziren eta. Ez da harritzekoa, beraz, adineko zaleek Grilloren izena euren gogoan gorderik izatea.
Urte batzuk geroago Argentinatik, Uruguaitik eta Paraguaitik oriundoen izurritea heldu zen. Atzerritar baten fitxa ez betetzearren, euren jaiotze-agirien datuak aldatzen zituzten eta horrela gurasoen “jatorri espainiarra” lortzen zuten. Heredia, Panadero Diaz, Ovejero, Adorno, Cos, Roberto Martinez… jokatzeko modua itxura bestekoa zen. Izenak irakurrita, ziur bat baino gehiago dardarka egongo dela! Berrogei jokalari baino gehiagok euren agiriak faltsifikatu zituztela argi geratu zen ikerketa baten ostean. Gauzak horrela, Athletic-ek eta Errealak epaitegietara jotzeaz gain, jokalari horiek jokatzen zituzten partida guztien kontra egitea erabaki zuten. Dena den, ez zen ezer gertatu Espainiako futbol-federazioaren presidenteak jokalarien amnistia proposatu eta lortu egin zuelako.
Oriundoen afera pil-pilean zegoenean, 1978 urtean, Athletic-ek antolatu ohi zuen udako torneoan River Platek Eindhoveneko PSVren aurka jokatu zuen. Hilabete batzuk lehenago, munduko txapelketaren finalean, Argentina Holandari gailendu zitzaion eta partida hartan egondako jokalari asko aurrez aurre zeuden berriro San Mameseko soropilaren gainean. Partida horren lekuko izan nintzen, eta esan behar dut PSVek garaipena eman zion penaltia sartu zuenean, Athletic-ek final baterako txartela irabazi zuela zirudiela. Hura poza eta algara!
Beste batzuk baziren ere, zaleek Riverreko jokalariengan oriundoen “lehengusuak” ikusten zituzten: izugarrizko bibotea mexikarren erara, ile luzea, galtzerdiak orkatilen pare, joko motela, trikimailuak … handik urte batzuetara, Pato Fillolek, talde horretako atezainak, kirol-egunkari batean aipatu zuen ez zutela inolaz ere horrelako giroa espero, ezta ulertu ere.
Ezin dugu errepaso hau amaitu Maradona aipatu barik. Nork ez du gogoratzen 84ko finala? Partida amaitu eta gero, ezpata-dantza-karate erakustaldi bikaina eman zigun eta horri esker askok susmatzen genuena agerian utzi zuen Pelusak: jokalariaren maisutasuna gizonaren harrokeriak eta burugabekeriak ezer ezean uzten zuten.
Zorionez, badirudi gure zoroa beste izaera bateko pertsonaia dela. Espero dezagun, urte batzuk pasata, “zoramen” hau atseginez gogoratzea.




![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)




Oso ona
Nik neuk eskertuko nuke presidenteak zeozer argituko baligu, ahal dela Marceloren jarraipenaren alde … eta bide batez, kokoteko pare bat hainbat jokalariri. Nire iritzia, Bielsak jarraitzearen alde
Artikuluan ez dago aipaturik, baina gogoratzen duzue Simeonek Guerrerori egindakoa?
Ez pentsa argentinarren aurka gaudenik, ezta gutxiagi ere. D´alessandro atezainak, Bilbon giltzurrun bat galdu ostean, Dani eta Athletic defendatu zituen prentsa guztia beraien izena zikintzen saiatu zenean.
Messik Agüerok eta Saviolak beti izan dute izugarrizko punteria Athletic-en kontra
Iribarren memorietan( Iribar: irudia eta eredua. Pedro Mari Goikoetxea) «Munduko Kopa Txikia» izenekoan gertatutakoa kontatzen da. Caracasen jokatu zen txapelketa hura eta Athletic-ek irabazi zuen. Argentinako Huracan-en aurkako finalaz honako hau esaten da:
«1-0 aurreratu ginen eta argentinarrek galtze txarra zeukatela erakutsi zuten. Egundoko saltsa sortu zen. Bazegoen talde horretan jokalari besamotz bat. Ezkertia zen. Hamarrarekin jokatzen zuen. Bere izenik ez dut gogoratzen. Besamotz horren muturrean burni zati bat zuen. Ez dakit nola uzten zioten horrela jokatzen. Kontua da, Anton Arietarekin zelai erdian izandako lehia batean,kolpe latza eman ziola muinoi horrekin begi ondoan eta gero, lurrean zegoela, ostikadak ere bai.Hau guztia, euri-jasa ikaragarri baten erdian. 90 minutuak bete baino lehen eman zuen amaitutzat epaileak. Kopa jaso genuen, baina, aldageleterako bidea ez zen batere atsegina izan»