::Mikel Etxebarria.
Atzoko eguna Plentzia eta Gorlizen eman genuen. Hamaikaetabateko kide batzuk piragua -txango bat egitera hurbildu ginen Uribe Kostara. Helburua bikoitza zen: egun ona pasatzea eta piraguen gobernuan trebatzea peñakide guztientzako irteera antolatu ahal izateko.
Bi pertsonentzako boteak alokatu genituen (15 euro orduko eta piraguako) hondartza ondoko kaian. Motxilak postuan bertan utzi ondoren, itsasadarrera ematen duen arrapala batetik uretaratu ginen. Han arraunei heltzen, oreka gordetzen, maniobrak egiten … trebatu ostean, itsasora sartu ginen itsasadarraren bokaletik. Giro ederra zegoen: itsasoa bare-bare eta aurreko egunetakoa baino tenperatura epelagoa. Bainatu ostean, bueltarako bideari eman genion, apur bat gogorragoa nekeagatik eta itsasaldia aurka edukitzeagatik.
Inor piraguen ziurtasun ezaren beldur bada, lasai egon, oso zabalak eta egonkorrak dira. Gainera, eroriz gero, ez dago arazo handirik, salbamendu-jaka jantzita egin behar da eta. Aholku gisa, honako hauek aipatuko nituzke: batetik, eguzki-krema erruz erabiltzea eta, bestetik, oinutsik ez joatea, hondoko harkaitzen erruagatik aberiarik ez egiteko.
Boteak utzieta gero, Kilimanjaro izeneko garagardotegira joan ginen. Hara heltzeko Gorlizeko erietxera doan errepidea hartu behar, baina adi egon, errepidetik ez baita ikusten. Udan joan nahi bada, erreserbatu aurretiaz eta mahia kanpoan eskatu, ederto egoten da eta. Dena gozo-gozo zegoen, tortilla batez ere. Halako lokal askotan ez bezala, janari ona eta zerbitzu arina zein atsegina.
Amaitu baino lehen, Bilbon ere piraguez gozatzeko aukera dugula gogoratu nahi dizuet. Datorren kurtsoari begira horrelako irteera bat aurreikusita daukagu, baina uda honetan bertan hamaikatar batzuk animatzen bazarete, jarri harremanetan gurekin eta antolatuko dugu.



![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)




Sekulako txangoa! Bilbon bertan egin beharko dugu!