:: Mikel Etxebarria.
1958an Brasilek munduko txapelketa irabazi zuen eta agian horregatik , orduko presidentea zen Enrique Guzmanek zaleak harritu zituen neurria hartu zuen: entrenatzaile karioka baten fitxaketa.
Aukeratua Martim Francisco izan zen, 30 urteko entrenatzaile gaztea. Martim Franciscoren izaera eta ibilbidea aztertuta, bietan Bielsarekiko antzekotasun izugarria aurkituko dugu.
Argentinarraren moduan, brasildarra izaera bereziko entrenatzailea zen. Oso urduria, egunean 30 kafe baino gehiago hartzen zuen. 30 urteko gaztea izanda ere, markesa zen (birraitona Brasilgo enperadorea izan zen) eta psikologia eta zuzenbide ikasketak amaiturik zituen.Taktika aldetik, sistema berritzailea jarri zuen martxan: 4-2-4. Gainera, behetik jokatzea eta jokalariak zelaiaren edozein lekutan sorpresaz agertzea gustatzen zitzaion.
Entrenamenduak, elikadura, jokalarien bizi – ohiturak … zorrotz kontrolatzen zituen. Bitxikeriaz betetako metodologiak harrituta utzi zituen jokalariak, zaleak eta kazetariak.
Garai hartan, Lezama artean egin barik zegoenez, entrenamenduak Bilbon bertan egin ohi ziren; Martim-ek, ordea, hondartzan entrenatzeko ohitura ezarri zuen, muskuluen tonurako eta baloiarekiko teknikarako komenigarria zelakoan.
Elikadurari dagokionez, bi talde bereizi zituen jokalarien artean. “El club de los gordos” zeritzonean, Arieta, Mauri, Koldo Agirre eta Uribe zeuden eta janaria eta ura guztiz kontrolatuta zeukaten[i] . Gainontzekoek, gehiago jan ahal zuten, baina ura debekatuta zuten. Horren ordez, Coca-Cola edan behar zuten.
Martim Franciscoren Athletic oso irregularra izan zen. Bolada onak eta oso txarrak tartekatu zituen. Adibidez, lehenengo denboraldian negargarri hasi ondoren, bost partida jarraian irabazi zituen 37 gol sartuta. Taldea 58/59 eta 59/60 denboraldietan hirugarren postuan sailkatu arren, kirol-kazetariek jokoaren anarkia aipatzen zuten behin eta berriro. Hirugarren denboraldiaren hasieran taldeak bolada txarra izan zuen eta entrenatzaileak kritika gogorrak jaso zituen[ii]. Horrela, bada, Gabonak heldu aurretik eta Athletic azken postuan zegoela, Martim Franciscok kargua utzi behar izan zuen.
Gorabeherak gorabehera, Brasildarra Athletic-en Historiara bi arrazoirengatik pasatuko da: talde ingeles bati Ingalaterran irabazten lehena izateagatik[iii] eta gazte-mailako Athletic martxan jartzeagatik[iv].
Ingalaterran lortutako arrakasta, kazetari batzuen jarrera, entrenatzailearen portaera bitxia, bolada onak eta txarrak tartekatzea, teknika berritzaileekiko mesfidantza … Ezaguna egiten zaigu,ezta?
[i] Gosea baretzeko, Maurik fruta garbitzeko erabiltzen zuten ura edan ohi zuen.
[ii] Kronika batean honako hau idatzi zuen orduko kazetaririk ospetsuenak: “… el Athletic no usa la táctica del 4-2-4 sino la del 0-0-0, es decir, nadie en ningún sitio”
[iii] West Brobwich Albioni 1eta 2 irabazi zion. Birmingham-ekoen gola Ronie Allen-ek, Athletic-eko entrenatzailea izango zenak, sartu zuen.
[iv] Martim-ek berak entrenatzen zituen jubenilak.



![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)




Beste bitxikeria bat aurkitu dut Franciscori buruz. Manolin Eturak, orduko defentsak, elkarrizketa batean komentatu zuen Athletic-ek galtzen zuenean, entrenatzaileak atzamarrak ahora sartu eta oka egiten zuela.