:: Mikel Etxebarria.
Zale asko harritu zituen Orbaiz joaten uzteko erabakiak. Kirol mailan sasoian zegoela eta aldagelan zuen pisua aipatu zuten neurri haren aurka zeudenek.
Jarraitzaileen miresmena eta babesa zeuzkaten jokalari asko atzeko atetik irten dira: Sarabia, Patxi Salinas, Garitano, Yeste … honen adibide dira; beraz, Orbaiz-ekin gertatu dena ez da kontu berria. Aipatu kasu guztietan Athletic-en jarraitzeko oso aproposak zirenez, irteera horien arrazoia jokalarien kalitateaz haratago bilatu beharko genuke.
Zaleok zelaian gertatzen dena baino ez dugu ikusten, baina argi dago talde bat zelaian ikusten dena baino askoz gehiago izaten dela. Batzuetan, berdegunean zoragarriak ziren taldeek larrutik ordaindu zuten bulego eta aldagelaren kontuen kudeaketa negargarria. Duela urte batzuk, Alaves-ek, Real Sociedad-ek edo Depor-rek maila izugarria erakutsi zuten, baina handik gutxira bigarrenera jaitsi ziren.
Zuzendaritza-taldeari, eta ez harmailari, dagokio erabakiak hartzea, erabaki horiek zaleen iritziaren aurkakoak izanda ere. Zaleok jokalariak jainko bihurtu ohi ditugu eta askotan jokalariak taldearen benetako interesen gainetik kokatu ohi ditugu. Athletic bezalako talde batean denok batera egin behar dugu arraun. Zaleok, zuzendaritzakoek, teknikoek eta jokalariek batera egin ezean, hondoratuko gara halabeharrez. Zoritxarrez, azken urte hauetan jokalari on eta finak, aldagelan pisu handikoak, estrategikoak … arazo eta oztopo izan dira. Horrelakoetan, zuzendaritzaren egitekoak “kaltea erauztea” eta taldearen egonkortasuna ziurtatzea izan behar dira eta nire ustez, horiek izan da Orbaiz-en kasuan hartutako erabakiaren irizpideak.
Orbaiz 1999-2000 denboraldian heldu zen Athletic-era, baina urte hartan Osasunan jarraitu zuen utzita. Denboraldi hartan nafarren entrenatzailearekin arazoak izan zituen, berea ez zen postu batean jokarazi baitzuen. Gehiagotan jokatuko ez zuelako mehatxua egin eta gero, entrenatzaileak amore eman behar izan zuen.
Athletic-en jokalari ona eta saiatua izan da. Dena ematen duten horietakoa. Horretan ez dago zalantzarik, eta ziur zale guztiok ados egongo garela. Aldagelan jokatu duen paperaz, berriz, zalantza gehiago zabaldu dira. Egunkarietan behin baino gehiagotan aipatu da “Nafarren klana”. Urte luzez, Orbaiz buru zelarik, jokalari-multzo hori presio talde izugarria izan omen zen. Biurteko beltzean, jaisteko zorian egon ginen urte beldurgarri horietan, jokalari batzuek prentsan[i] zalantzan jarri zituzten entrenatzaileen erabaki teknikoak. Iskanbila izugarria izan arren, ez zen jokalaririk ageri izan gauzak lasaitzeko. Hartan, Orbaiz-ek ez zuen aurpegia eman, ez zuen lider baten papera hartu, edo agian bai, baina ezkutuan. Garai hartan, Mendilibar-ren talde teknikoan zegoen baten semeak honako hau esan ohi zuen: “ El requeté va a echar a mi padre”. Bete-betean asmatu zuen.
Jokalari batzuek ez zuten erraz onartu Bielsa-ren “iraultza taktikoa” eta horrek eragina izan zuen taldearen ibilbidean. Bielsa eta Orbaiz-en izaerak ezagututa, Orbaizen irteera ulergarriagoa izan daiteke.




![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)



