:: Maite González Bilbao.
13 urte bakarrik behar izan ditu Bilbao Basket-ek Europan final bat jokatzeko . Batzuek pentsatu dezakete denbora nahikoa dela, baina urte hauetan Bilbao Basket-ek lortutakoa txalotzekoa da. Sortu berri den talde batentzat mirestekoa da 2009 eta 2010. urteetan Eurocup-eko finalerdietara heltzea, eta aurten finalera ailegatzea.
2000. urteko martxoaren 7an sortu zen taldea, eta bost urte soilik behar izan zituen ACB mailara igotzeko. Ordutik aurrera maila honetan mantentzeaz gain, sailkapenean postu nobleetan egonkortzea lortu du. “Los hombres de negro” deiturikoek bazekiten zer zen final bat jokatzea, orain dela bi urte Bartzelonaren aurka jokatu zuten ligako finala, baina horrek ez zuen ezertarako balio izan. Buruarekin baino bihotzarekin jokatu zuten, eta horrela zaila da final bat irabaztea.
Larunbatean Charleroi-n jokatutako norgehiagokak ilusioa piztu zuen jarraitzaileen artean, 2000 pertsona inguru izan ziren Spiroudome pabiloiko harmailetan. Miribilla ere jendez gainezka egon zen, Bilbotik taldeari bultzada emateko. Honek argi adierazten du saskibaloiak duen indarra, eta posiblea dela hiri batean puntako bi talde edukitzea.
Finalak irabazteko dira. Baina esaerak dioen bezala “garrantzitsuena ez da irabaztea, parte hartzea baizik”, beraz azken bi urteotan hiriak bizi izan dituen bi finalei (Bucarest eta Charleroi) alde positiboa ikusi beharko genieke. Bai Athletic-ek bai Bilbao Basket-ek harrotasun osoz erakutsi dute hiriaren izena Europan zehar. Eta jarraitzaileak ziur gaude laster beste aukera bat izango dugula.
Gora Bilbao Basket!!
Maite González


![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)



