hamaikaetabat

juan mateo zabala euskaltegiaren peña

mikel 2013 / 09 / 8

::Mikel Etxebarria.

Hirutan eskatu eta hiruretan kale. Oraingo honetan Madril faboritotzat jotzen bazuten ere, Madrileko hautagaitza lehen kanporaketan bazterturik geratu zen. Kazetari, kirolari eta hautagaitzaren arduradunen begitartean tristura eta sorpresa nagusi ziren. Ez zutela piperrik ulertzen errepikatzen zuten behin eta berriro aurpegia eman zuten apurrek. Erabaki zuzena ala okerra izan den sartu barik, jarraian Nazioarteko Olinpiar Batzordearen erabakia ulertzen lagunduko diguten batzuk aipatuko ditugu.

Espainiako Olinpiar Batzordeak hautagaitza Espainiako kirolaren une paregabean oinarritu zuen. Gainontzeko arloetan (ekonomia, teknologia berriak …) Tokio gainetik zegoenez, Espainiako kirolariak eta beraien balentriak eta lorpenak  izan ziren kanpainaren ardatz. Mantra bat balitz bezala , hautagaitzaren ordezkariek esaldi bera errepikatzen zuten : euren indar eta arma nagusia kirolariak ziren. Hori entzutean, bat baino gehiago aho bete hortz geratuko zen. Neuk, behintzat, Gasol, Felipe Reyes eta Amaia Salamanca (gazte mailako kirolaria izan omen zen) izan ezik, ez nuen bat ere ezagutu Argentinako hiriburura joandako kirolari guztien zerrenda entzun nuenean. Inolaz ere, meritu handiko kirolariak izango dira, baina erabakia hartu behar zuten epaimahaikoei eragiteko besteko osperik gabekoak. Gainera,  gezur bat mila bider errepikatu arren, ez da egia bilakatzen. Espainiak duen kirol-maila ez da bolanderak botatzeko modukoa. Londresen lortutako domina-kopuruari erreparatzen badiogu, 17 domina lortuta Espainiak 21. postuan amaitu zuela ikusiko dugu, Kazajistan, Iran eta Ipar- Korearen atzetik. Japonek ,berriz, 38 domina irabazi zuen; Espainiaren marka luze bikoiztu zuen,alegia. Argi dago, beraz, kirol-mailari dagokionez, Madrilek ez zuela nondik heldu Tokiori.

Irabazlea aurkezteko unea

Irabazlea aurkezteko unea

Bestalde, kirol eta kirolariekiko errespetu falta nabariak ziur izan dutela pisu handia Nazioarteko Olinpiar Batzordeak hartutako erabakian. Kirola sustatzen ez duen herriak ez du merezi olinpiar jokoak antolatzea. Bartzelonako jokoek edo Sevillako atletismo mundialak negozio eta eraikin erraldoiak egiteko balio izan zuten, baina ez kirola bultzatzeko. La Cartuja eta Montjuic guztiz abandonaturik daude, ez dago ez kirolaririk ez kirol egitaraurik harmailak bete ahal izateko. Maila oneko kirolariek ezer gutxi zor diete erakundeei. Aurrera irten badira, euren ahalegin eta kemenarengatik izan da, eta ez erakundeen laguntza eta sustapenarengatik. Adibidez, Maider Unda borrokalari arabarrak bere poltsikotik ipini behar izan zuen dirua prestatzailearen bidaia eta egonaldia ordaintzeko.

Espainiako Olinpiar Batzordearen kideak eta Argentinara bidalitako ordezkariak ere ez dira lagungarri izan. Iskanbilez inguratuta dagoen erregearen familiak (Pilar de Borbon “kirolari handiak” barne), Madrid Arena kasuan erantzun negargarria eman zuen alkateak, Irungo azpizun bati dopinaren errua botatzen dioten kirol-arduradunek, neurririk gabeko murrizketak ezartzen ari den Hezkuntza, Kultura era Kirol ministroak, mendeko zuzenek zer egiten  duten ez dakien presidenteak …  zerikusi zuzena izan dute  hirugarren porrot horretan.

Tokioko instalakuntzak

Tokioko instalakuntzak

 

Buenos Airesen haizeak kontra jo zuen eta Madrileko hautagaitzan konfiantza handia zutenek kolpe latza jaso zuten. Ez dakit haserre egoteko motiborik duten ala ez eta horretan ez naiz sartuko, horrelakoetan saltsa zikin ugari dago eta. Hala ere, hobe lukete  dirua gastatu kirol-egitura egokia lortzen balizko errotetan baino.

 

 


Shares