hamaikaetabat

juan mateo zabala euskaltegiaren peña

mikel 2013 / 09 / 13

::Maite Gonzalez Bilbao.

Bazirudien aurtengo uda lasaia izango zela, baina oker nengoen. Fitxaketa-merkatua bukatzeko egun batzuk falta zirenean zurrumurruak hasi ziren: “Manchester United-ek Ander Herrera fitxatu nahi du”. Zurrumurruak entzun zirenetik eta fitxaketa-merkatua bukatu arte gertatutakoa sinestezina izan da, telenobela txarrenetan ere ez da horrelakorik ikusten!

Batzuek diote, Manchesterrekoek beste jokalari bat fitxatzeko negoziaketak arintzeko eta merkatzeko asmoz antolatu zutela Herrerarena. Egia esanda, nik ez dakit istorio hau sinetsi edo ez. Baina horrela baldin bada, Manchesterren aldetik jokaera nahiko zikina dela uste dut.

Hainbeste buelta eman eta gero, dena ezer-ezean geratu zen. Egun ero horien ondoren, Ander Herrerari tokatzen zitzaion azalpenak ematea. Herreraren prentsaurrekoaren ostean, niri ez zait ezer argi geratu. Gehien harritu ninduena jokalariaren baieztapen bat izan zen. Herrerak esan zuen Manchesterrek klausula ordaindu eta gero, berarekin kontaktuan jarriko zirela ingelesak. Barkatu Ander, baina gauzak ez dira horrela egiten. Talde batek jokalari baten klausula ordaintzeko, lehenengoz jokalariak talde horretara joan nahi duen jakin behar da. Adierazpen horiek entzunda, bere hitzak sinestea kostatzen zait.

Herrera Bernabeuko aulkian

Herrera Bernabeuko aulkian

Prentsaurrekoan ahaleginak egin zituen zaleen aurrean ahalik eta hoberen geratzeko. Nire ustez, hobe zuen esan Manchesterrekin kontaktuan egon zela eta azkenean gauzak txarto irten zirela. Honen guztiaren inguruan zalantza asko geratu direla uste dut.

Jokalaria, behintzat, ez da koldarra izan, eta berandu izan bada ere, kazetarien galdeketari aurre egin dio fitxaketa ezkutatu nahian ibili barik. Egun batzuk barru ikusiko dugu zaleen konfiantza mantentzen duen ala ez. Taldearen onerako, baietz espero dut, beste Llorente kasu bat oso kaltegarria izango litzateke eta.

Anderrek ez du alde egingo

Anderrek ez du alde egingo

Prentsaurrekoan, Herrerak betiko maitasuna aitortu zion Athletic-i, klub berezia zela eta ohore bat zela bertan jokatzea esanez. Hilabete batzuk barru neguko fitxaketa-merkatua izango dugu. Ezustekorik  egongo ote da?

 

*Kazetari gisa, uste dut “Herreraren kasua”aren berri eman zuten komunikabideek autokritika egin behar dutela. Gehienetan albistea zurrumurruetatik atera zuten, eta esaten zenaren %98 (%100 ez esatearren) konfirmatu barik zegoen. Alde batetik, ez Herrerak, ezta bere ordezkariek ere, ez zuten ezer esan; bestetik, LFP-tik ez zen fitxaketa konfirmatu. Beraz, komunikabideek zelan esan zuten behin eta berriro fitxaketa ia eginda zegoela inork konfirmatu ez bazuen? Horrela daude gauzak …

Erantzun bat orain arte.

  1. hamaikaetabat dice:

    Anderrek zuhur jokatu du. Joango zelako ziurtasunik ez zuenez, ezin esan ezer aurretiaz eta, geratuko zela jakinda, ezin esan joateko irrikan zegoela. Halako egorea batean Llorentek edo Balek egindakoa askoz larriagoak iruditzen zaizkit.

    Nire ustez, kezkagarriagoa da bitartekarien lana- «conseguidores» deitzen dira orain-. Kasuarekin zerikusirik ez zuen bitartekari batek(Athletic-en bazkidea, besteak beste) bere burua eskaini zion Manchesterri fitxaketaren lanak errezte aldera. Zilegi al da bazkide batek poltsikoa betetzea Athletic-en kontura? Bazkide bat Athletic-en interesen aurka aritzea ez da arrazoi nahikoa taldetik kanporatzeko?

    Bestalde,esaten duzun moduan kazetariak ez dira oso fin ibili. Epea amaitu baino lau ordu lehenago Fellainiren fitxaketa ziurtzat ematen zuten Ingalaterran nahiz Madrileko kirol-egunkari batzuetan. Hala eta guztiz ere, hemengo kazetari eta hedabide batzuek egonezina zabaltzen jarraitu zuten. Asteleheneroko «tertulisto» askok euren mikrofono eta boligrafoak zorrozturik zituzten zuzendaritzaren lanari beste labankada bat emateko. Beste kontu batzuetan, komunikazio arloan batez ere, Urrutiak ez ditu gauzak ondo egin, baina oraingo honetan ez dago zer aurpegitu presidenteari.


Shares