::Mikel Etxebarria.
Argentinan sortu omen zen eztabaida: zer da garrantzitsuagoa , gozarazten duen jokoa ala edozelan lortutako garaipena? Menotti eta Bilardo, munduko txapelketa bana irabazi zuten hautatzaile argentinarrak izan ziren bi “joko-filosofia” horien ordezkariak.
Pasa den mendeko 70eko hamarkadan Argentina bi multzotan bereizi zen: Menottistak eta Bilardistak. Eztabaida sutsuak futbola gainditu zuen eta politika-arlora heldu zen. Ikuskizunaren aldekoek joko erasokorra, zintzoa eta garbia, teknika onekoa … defendatzen zuten. Menottistek futbolean jokatzeko modu hau denbora berriekin lotzen zuten, demokraziarekin.
Bilardistek, berriz, emaitza gauza guztien gainetik jartzen zuten. Irabazi edonola, kosta ahala kosta. Defentsa gogorra, trikimailuak, indarra, estrategia jokaldiak … ziren Bilardok zuzendutako taldeen ezaugarriak[i]. Menottiren aldekoen ustez, futbol zaharra, bortitza eta atzerakoia, hau da, diktaduraren baloreen isla.
Eztabaida hori Argentinako entrenatzaile eta jokalarien etorrerarekin batera heldu zen Europara eta Athletic ezin salbuespena izan. Horrela, bada, batzuetan zuzendaritzarako hautagaiak, kazetariak eta zaleak eztabaidaren parte izan dira piztutako suari gasolina botata. Horrelakoetan giroa izugarri petraldu egin da eta horrek eragin zuzena izan du taldeak izan dituen gainbehera-garaietan.
Clemente eta Sarabiaren arteko aferak Athletic txapeldunaren desagerpena ekarri zuen berekin, Bielsa eta Caparrosen aldekoek bi urte iraun zuten elkarri zaborra botatzen … Horrelako eztabaidak beste taldeentzat utzi behar ditugu. Guardiolaren eta Mourinhoren aldekoek eztabaida antzuan indarrak agortu nahi badituzte, egin dezatela eta utz gaitzatela bakean!
Sistema kontrajarriak izan arren, Clementerekin zein Bielsarekin disfrutatu dut. Nire ustez, entrenatzaile batentzat behar-beharrezkoa da “lehengaia” ezagutzea eta horren gainean joko-mota aukeratzea. Daukaten jokalari-multzoaren baliabideei bizkarra ematen dieten entrenatzaileek etorkizun hobea dute mikrofonoen aurrean futbol – zelai bateko aulkian baino. Izan ere, uhinen bidez euren erretolika botatzen diguten ke-saltzaile horiek triskantza ederra egin zieten zuzendu zituzten taldeei.
[i] Bilardok errieta izugarria bota zion bere taldeko masajistari arerio bati laguntzeagatik. “¡Los nuestros son los rojos, pisarlo!” esaldia ospetsu bihurtu zen.



![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)



