::Mikel Etxebarria.
Ia hogeita hamar urte igaro dira gabarra azkenengoz atera genuenetik. Urte hartan, aurrekoan bezalaxe, bilbotar eta bizkaitar andana itsasadarraren ertzetara hurbildu zen txapeldun izan zen Athletic ikusteko asmoz. Askok uste dute lehoiak izan zirela lehenak gabarra ateratzen, baina uste okerra da, ohore hori Olabeagako Acerori dagokio eta.
1924an gertatu zen. Urte hartan, Euskalduna ontzioletako langileek sortutako Acero Espainiako txapelduna izan zen B serie izenekoan (orduko bigarren maila). Pontevedrako Alfonso XIII eta Madrilgo Union Ferroviaria taldeak kanporatu ostean, Osasunari gailendu zitzaion Sevillan jokatutako finalean.
Acero talde apala zen eta txapelketaren gastuei aurre egiteko gorriak ikusi zituzten jokalariek zein zuzendaritza – batzordekoek. Luis Errastik , Bizkaiko Futbol- Federazioaren presidenteak, 5.000 pezeta utzi zizkien, baina dirua joateko bidaia eta Sevillako egonaldia ordaintzeko baino ez zen heldu.
Premia larrian zeudelarik, finaleko sarreren salmentengatik taldeari zegozkion 128 pezeta jaso zituzten jokalariek. Horrez gainera, Español– en jokatzen zuen Caicedo bilbotarrak 600 pezeta aurreratu zizkien. Diru apur horri esker, Madrilerainoko bidaia ordaindu ahal izan zuten. Han, mokadu txikiena ordaintzeko beste ez zeukatenez, finalean irabazitako kopa saldu behar izan zuten Bilbora heldu ahal izateko.
Orduko kroniken arabera, garaikurrik gabeko txapeldunei izugarrizko ongietorria eman zieten. Manuel Sota armadoreak atoiontzia eta kandelez apaindutako gabarra jarri zituen taldearen eskura. Areatzatik Olabeagarako ibilbidean zehar, kontratatutako txarangak honako doinu herrikoia jo zuen behin eta berriro:
“Por debajo del puente/pasaba una gabarra/con once jugadores/del gran Club de Olabeaga”
Acerok tradizioari hasiera eman zion. Eman diezaiola segida Athletic-ek!!!


![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)




Altamirako gazte piloak jokatu zuen han.
Asko gustatzen zait zure blog. Segi horrela