::Mikel Etxebarria.
Iragarritako agurra bazen ere, Euskaltel-Euskadi taldearen desagerpenak samintasuna sortu du txirrindu zaleen artean. Euskal Herria txikia bada ere, profesional zein zale-kopuruagatik txirrindularitzaren munduan “potentzia” bat dela esan dezakegu. Horregatik, hain zuzen ere, askori ulergaitza zaie taldeak urrera jarraitu ezina.
Ziur arrazoi asko daudela talde laranjaren desagerpena ulertu ahal izateko: krisi ekonomikoa, kirol-zuzendaritza desegokia, UCI Pro-Tourrek ezarritako baldintzak … baina, nire ustez, hasierako filosofia eta printzipioak baztertu izanak zerikusi handia izan du Euskaltelen agurrean.
Herri-ekimena (Euskadi Fundazioa) izan zena, Jaurlaritzak babestutako taldea izatera pasa zen eta handik enpresa pribatu baten “iragarkira”. Urte hauetan zehar taldea ur handitan sartu da eta azkenean ito egin da.
Taldeak txirrindulari apartak izan ditu eta, haien kalitatea kontuan harturik, ez dut uste Euskaltelek arazorik edukiko zuenik lasterketa garrantzitsuenetan parte hartu ahal izateko. Izan ere, asko dira UCI Pro- Tour mailan egon barik Euskaltelek baino garaipen gehiago izan dituzten taldeak. “Ohorezko mailan” egoteagatik, taldeak derrigorrean parte behar izan zuen Australiako, Txinako, Kaliforniako, Poloniako … lasterketetan. Oihartzun gabeko Tour horiei aurre egiteko, taldeak giza zein mota guztietako baliabideen azpiegitura handitu behar izan zuen. Leku guztietan egon nahi zenez, tropel laranja handitu behar, eta prozesu horretan kalitatea baino kantitatea nahiago izan zuten arduradunek. Horren ondorioz, Herrero, Intxausti, Zubeldia, Txurruka … bezalako txirrindulariak taldetik kanpo geratu ziren.
Azken denboraldian beste erabaki oker bat hartu zuten taldeko arduradunek: garaipen gehiago ziurtatze aldera kanpoko txirrindulariak ekarri zituzten. Emaitza ezin negargarriagoa izan da, amaitu berri den denboraldian inoiz baino garaipen gutxiago lortu dira eta. Gainera, fitxatutako txirrindulari batzuek denboraldia amaitu baino lehen taldea utzi behar izan zuten dopinagatik edo “egokitze” arazoengatik.
Sortu zenean, Euskadi taldeak helburu bikoitza zuen: hemengo txirrindulari gazteei aukera ematea eta Euskal Herriko txirrindulari onenak izatea. Argi dago printzipio horiek bazterrean utzi direla azken urteotan eta horrek eragina izan duela amets eder baten amaieran.



![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)



