hamaikaetabat

juan mateo zabala euskaltegiaren peña

mikel 2013 / 09 / 25

::Maite Gonzalez Bilbao.

Espanyol-en aurka hasiera-hasieratik argi geratu zen ez zela Athletic-entzat partida ona izango. Bigarren minutuan Iraizoz-en zoritxarreko irteera batek partida ikusten geunden zaleki bihotzekotik hurbil jarri gintuen. Gainera, minutu batzuk beranduago arbitroak ez zuen  Colotto-k egindako penaltia adierazi, baina ez dakit nik horrek asko aldatuko zuen astelehenean Cornellá zelaian ikusitakoa.

Taldeak irudia oso txarra eman zuen, batez ere defentsan. Hamabost puntutik bederatzi lortu izanak  Athletic-ek erakutsitako jokoaren gabeziak disimula ditzake. Baina Espanyol-en aurkako partidan emandako irudiak mesfidantza sortzen dit.

perikitoen lehenengo gola

perikitoen lehenengo gola

Celtaren aurkako partidarekin alderatuta lau aldaketa egin zituen entrenatzaileak. Ni txandatze sistemaren aldekoa nahiz, eta batez ere astean zehar partida baldin badago, oraingo astean bezala.  Baina ez daukat oso argi Valverdek egindako aldaketak jokalari batzuei atsedena emateko diren, edo beste batzuk probatzeko.  Argi dagoena da Valverdek oraindik ez duela bere hamaikako perfektua aurkitu, badirudi aurre denboraldian gaudela jokalariak probatu eta probatu. Ziur nago entrenatzaileak buruan daukala nola jokatu nahi duen, baina oraindik ez daki nola egin.

Defentsa penagarria izateaz gain, atezainekin dagoen nahasmenak ez dio taldeari batere laguntzen, Iraizozek zein Herrerinek hutsegite handiak egin dituzte, baina baten aldeko apustua egin beharko da, ezta? Edo partida oro txandatzen joango dira?

arbitroak ikusi ez zuen penalti argia

arbitroak ikusi ez zuen penalti argia

Gaua errematatzeko emankizun oso txarra jasan behar izan genuen Manu Carreño eta bere kideen aldetik. Egun horietan ikaragarri eskertzen dut telebistako mute botoia. Carreñok ez zuen jokalarien izenekin behin ere asmatzen, eta beste batzuei izen berria jartzen zien, Mikel Rico-ri hirutan Fran Rico deitu zion. Baina hori ez zen dena izan, bitxia iruditu zitzaidan berriemaileek  Juventus-eko jokalari bati gola sartzeagatik zoriontzea, hauek bai kalitatezko profesionalak!

 

 


Shares