hamaikaetabat

juan mateo zabala euskaltegiaren peña

mikel 2013 / 09 / 29

::Mikel Etxebarria.

Pasa den astean eztabaida handia sortu zen Elx-en  Real Madrilen alde adierazi zuten penaltiaren kontura. Arbitro baten erabaki negargarriak airean utzi zituen “munduko ligaren onenaren” miseriak. Hogei taldeko liga batean hemezortzik biren diktadurapean jokatu behar dute federazio, arbitro, telebista eta prentsaren onespenarekin. Bi talde horien arteko lehia baino ez zaie interesatzen, gainontzekoak gonbidatutako txotxongiloak direlarik.

Zilegi da telebisten diruaren banaketa? Onartzekoa da “Gominolo” Muñiz bezalako arbitro burubakoek zerbait epaitu behar izatea? Zelan da posible Arbeloak, Pepek, Sergio Ramosek … partida guztiak amaitzea eta beste jokalari batzuek, askoz gutxiago eginda, aldagelarako bidea egotzita hartu behar izatea? Ez da negargarria kirol-kazetari batzuen jarrera? Ez ote dira konturatzen lubakietan aritzen diren kazetari gerrillariak Real Madril eta Barçaz gain, beste talde asko daudela? Zein burutan kabitzen da Elx-en gertatu zen jokaldiaz lau orduko saioa egitea? Gezurra badirudi ere, jokaldiaren analisiak partidak berak baino gehiago iraun zuen.

Juanma Rodriguez kazetaria

Juanma Rodriguez kazetaria

Hau guztia ez da kasualitatea. Goian aipatutako guztiak kiroletik eta lehia garbitik oso urrun dagoen negozio baten osagaiak dira. Barça eta Real Madrilen nagusitasuna nola edo hala mantentzea da negozio horren helburu nagusia. Horrela, bada, beste taldeak negoziorako behar- beharrezkoak izan arren, ikusezin bihurtzen dira.

Gurpil zoro batean sartuta gaude. Culeek eta merengueek telebistatik askoz diru gehiago jasotzen dutenez, jokalaririk onenak erosi ahal dituzte. Izar horiei esker, oso erraz sailkatzen dira Europa mailako txapelketetan eta horrek diru-iturri galanta ekartzen  die UEFAren zein telebisten eskutik. Talde hauen areriok Pirinioez bestalde daude, hor baitago negozioa. Ligako beste taldeak, berriz, Manchester edo Bayern-en aurkako partidak prestatzeko sparring-ak baino ez dira. Txapeldun handiak, ia aurpegira begiratu arte, egurtu eta txarto tratatu ahal dituen sparring-ak.

Juanma Rodriguez kazetaria

Madrilen aldeko penalti lotsagarria

Athletic-i, hasi berri den liga honetan zazpi partidatan ez diote lau penalti argi adierazi, baina talde handien interesak defendatzen dituzten kazetari bozeramaileei bost; beste gai batzuk omen zituzten aztergai: Madril eta Barçako jokalarien twitterrak, Messiren begiradak, Casillasen keinuak, “Tata” Martinoren estilismoa …

Kirolean oinarritutako nagusitasuna onartu beharrekoa da, baina hauen nagusitasuna ustela da eta asko gara nazkatzen hasiak garenok.


Shares