::Mikel Etxebarria.
Zer pentsatuko zenukete bertsolari-txapelketaren finala Ruandan izango balitz? Eta bobshleigh-finala Sudanen? Ziur asko, hasierako harridura pasata, nekez ulertuko genuke horrelako burugabekeria. Bada, hori baino ganoragabekeria handiagoa egin zuen FIFAk 2020ko munduko txapelketa Qatarren jokatuko zela erabaki zuenean. Beste askotan bezala, FIFAren ustelkeria agerian geratu da, eraikuntza- enpresa handien interesetara makurtu egin da eta.
Qatar futbol-munduan ospetsua bada, ez da kirolak duen tradizio handiagatik, hango taldeen mailagatik, ezta lizentzia-kopuruagatik ere. Qatarreko futbolak ospea lortu du Europa, Afrika eta Amerikako jokalari “amaituei” urrezko erretiroa emateagatik. Gainera, beroa dela eta, udan jokatzea ezinezkoa denez, txapelketa abenduan jokatu beharko da eta horrek herri guztietako liga guztietan nahaste-borraste izugarria sortuko du. Argi dago, beraz, FIFAren erabakian kirol-irizpideek pisu gutxi izan dutela.
Dena den, Qatarri boikota egiteko arrazoi nagusiak ez dira kirol-mailakoak, askoz sakonagoak baizik. Futbol-zelaiak eraikitzen ari diren langileen lan-baldintzak penagarriak dira oso. Ekainaren 4tik abuztuaren 8ra 44 nepaldar hil dira bihotzak edo bero-kolpeek jota. Nepaletik eramandako langileek udako bero-galdatan 15 orduko jardunak egin behar dituzte lau txakur txikiren truke, eta protesta eginez gero, Nepalera bidaltzen dituzte ezer kobratu barik. Munduko ikuskizun handienaren izenean ez dago horrelakorik onartzerik, eta berdin dit Qatarren edo San Mamasen izateak.
Honi guztiari «ginda» jarri diote orain dela gutxi Qatarreko agintariek. Munduko futbolari eta jarraitzaile guztiei gogoratu diete homosexualitatea delitua dela eta zazpi urteko zigorraldiaz mehatxatu ditu (heriotzaz, akusatua musulmana izanez gero). Blatterri, FIFAko presidenteari, honi buruz galdetu ziotenean erantzun xelebrea eman zuen: 30 egunez sexua alde batera uztea. Ustela bezain ergela!
Duela urte batzuk nuklearren aurkako txapak arrakasta handia lortu zuen. Agian, bertsio berria beharko genuke: Qatar? Ez, eskerrik asko!


![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)




Oro har, ados nago. Gainera, ez nuke eukiko zein animatu.
Lehenengo eta behin, eskerrik asko Mikel egin duzun post honengatik.
Asko dira goi mailako kirol ekitaldien inguruan, azkenengo urteetan bereziki, piztu diren polemikak, beroriek antolatzen dituzten estatuen politikak direla eta; giza eskubideen betetze eza, estatu horietako hiritarren bizi eta lan baldintza eskasak, emakumezkoen oinarrizko eskubideen urraketa edota berarien kontrako bortzakeriaren babesa eta onarpena eta, azkenik, homosexualon kontrako erasoak, batzuetan, Qatarren gertatzen den bezala, heriotz zigorreraino ailega daitezkeenak, edo, kasurik onenean, gay eta lesbianen eskubideen urraketa.
Azkenengo honi helduko diot iruzkin honetan, gay jendearen egoera eta eskubideak, edo eskubide falta, hurbilen ditudalako, bat, eta, bestalde, Europako hirtarrak izateagatik ditugun eskubideak alde batera uzten direlako, guk hautatu eta ondo ordaintzen ditugun politikoek alde batera uzten dituztelako, eskubide horiek babesten ez dituzten, edo veste barik, eskubide horiek zanpatzen dituzten estatuei, Qatar kasu, babesa eta, onespena emanda.
Badakit, jakin, zein bihurriak diren nazioarteko diplomazioaren bideak eta zenbat diru «mugitzen» den horrelako kirol ekitaldien inguruan (estatuaak, markak, …). Badakit, jakin ere, zuk ondo aipatzen duzun bezala, zein erretiro leku ona den Qatar Españako ligako jokalari edadekoentzat eta zein babesle oparoa eskubideak barra-barra goraipatzen dituen equipo ospetsuarentzat. Ederto dakit hori.
Baina, nekatuta nago, oso, diskurtso handien ondoan, zein arin pasatzen den besteon eskubide oinarrizko batzuen gainetik, alde batera begiratuta, ie ez den inor konturatzen.
Hasieran esan bezala, eskerrik asko «Hamaikaetabat» elakrteari post honengatik. Etorkizuna printzipio etiko, demokratiko eta sendoen gainean eraikia ez bada, nolakoa ordea?
Hemen uzten dizuet Qatar-reko mundiala eta bertako homosexualen egoera aipatzen dituen artikulorako sarbidea.
http://www.bbc.co.uk/mundo/noticias/2010/12/101214_qatar_futbol_homosexuales_fifa_fp.shtml