::Maite Gonzalez Bilbao.
Egun hauetan Alaves-ek, bere zuzendaritza batzordea tartean, nahi zuten protagonismoa lortu du. Athletic-ekin zituen kirol harremanak eta erlazio instituzionalak hautsi ditu harrobi kontuak direla eta, edo.
Ondo legoke Alavesi gogoraraztea orain dela 25 urte gertatutakoa. Une hartan, talde arabarrak ekonomia onbideratzeko plana burutu zuen Athletic-ek egindako diru sarrerari esker. Eta Athletic-engatik izan ez balitz taldea desagertuta egongo zen. Penagarria batzuek memoria hain ahula izatea!
Gai honetaz ez dut askoz gehiago esan behar. Josean Querejeta erditik egonda ez dut ezer onik itxaroten. Gogoratu bestela Bilbao Basket ACB-ra igo zenean Querejetak zioena; Euskadin saskibaloi talde bakarra egon behar zela, Caja Laboral Baskonia, jakina!. Baina orain Querejeta saskibaloian ez ezik futbolean ere sartuta dabil, Alaveseko jabeetako bat da eta. Bigarren mailan daude orain, baina lehenengo mailara igotzea izango da euren helburua. Zer gertatuko ote Bilbon esango bagenu Euskal Herriko talde bakarra Athletic dela eta ea zertarako egon behar den talde gehiago futboleko elitean?
Mesedez, Querejeta jauna, utzi gorrotoa alde batera eta zentratu zaitez zeure taldeen onena lortzen, gainontzekoak mindu gabe.


![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)



