::Mikel Etxebarria.
Hau guztia ez da kontu berria. Arabako kirol zein politika arloko erakunde batzuetako agintariak arabarkeriak jota daude.Duela urte batzuk ura lapurtzen geniela leporatzen zigun Araba gauza guztien gainetik maite zuen politikari batek. Ideia horrek nolabaiteko arrakasta izan zuen gasteiztarren artean (bozka gehienak hiriburuan lortu zituen) eta horri esker «Arabarren benetako baloreen zaindariak» eserlekua lortu zuen Gasteizko legebiltzarrean.Urteak pasata, berriz, maitasun istorio hura hoztuz joan zen eta politikariak maitale berria aurkitu zuen Lugon: nomina erakargarria.Erakargarriagoak omen dira nomina bateko zeroen bihurguneak Arabako patata edo mahatsenak baino.
Querejeta zakur zaharra da, zaunka gutxi baina gaizto eta arriskutsuak. Alaves-eko presidenteak badaki bere egitasmoak aurrera ateratzeko zaleak eta erakunde politikoak berotu behar dituela ustezko etsai batzuen kontra. Oraingoan Athletic-i tokatu zaio, harrobiko jokalariak lapurtzen omen dizkiolako apurtu ditu gure taldearekiko harremanak. Querejetak enpresa pribatu baten interesak defendatzen ditu eta ez dakit erantzunik merezi duen. Hala ere, Alaves-eko presidenteari bi kontu azalduko nizkioke: batetik, ez zaigula batere inporta harremanen haustura eta bestetik, Athletic-era heltzen diren jokalari guztiek borondatez hartzen dutela etortzeko erabakia. Ociok, De Marcosek, … eta gurean egon diren arabar askok txikitatik izan dute bihotz zurigorria eta pozarren jantzi zuten Athletic-en kamiseta, eta ziur etorkizunean gauza bera gertatuko dela.
Larriagoak eta kezkagarriagoak dira Gasteizko alkatearen adierazpenak. Javier Marotok iragarri zuen Athletic-ekin akordio duten taldeek ez dutela udalaren laguntza jasoko. Taldeei diru-laguntzak kentzeaz gain, oztopoak jarriko zaizkie kirol-instalakuntzak erabili ahal izateko. Gezurra badirudi ere alkateak gazte arabarren eskubideen aurretik jartzen ditu sozietate anonimo baten interesak. Alaves bazkide gutxiren esku dago eta argi dago Javier Maratori gehiago inporta zaizkiola enpresari hauek Gasteizko gazteak eta berauen ongizatea baino.
Amaitu aurretik, gauza bat gogorazi behar zaio Marotori. Behin eta berriro “ los clubs convenidos al aleti”aipatu arren, oker zegoen. Izan ere, Gasteizen Lakua da Athletic-ekin akordioa duen bakarra, eta lau dira Realarekin dutenak. Dirudienez, azken hauek lasai egon daitezke, alkatearen kirol-bazterkeriak ez die eragingo eta.
Arabarkeria gutxiago eta arabartasun gehiago!


![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)



