::Juan Carlos Murillo.
Bizkaiko Foru Aldundiak Lauaxeta Poesia Saria eman dio gaur, Euskaren Nazioarteko Egunaren bezperan, Rikardo Arregi Diaz de Heredia poetari, Bitan esan beharra izeneko liburuagatik.
Lauaxeta sariak Bizkaian, euskararen normalizazioaren eta kultur zabalpenaren alde egindako lana goraipatzeko sortu zituen Bizkaiko Foru Aldundiak, Esteban Urkiaga, Lauaxeta, poetaren omenez eta beraren izenean, euskaraz sortutako poesia lanak saritzeko. Era berean, eta Lauaxeta poeta izateaz gain kazetari ere bazela gogoratuz, Ikusentzunezkoen Lauaxeta Saria sortu zuen, Bizkaian euskara sustatzeko, hedatzeko eta normaltzeko lan egiten duten pertsona edo kolektiboei esker ona eta begirunea adierazteko ematen zen Ohorezko Saria osatze aldera.
Edizio honetan, Bizkaiko Foru Aldundiak Ricardo Arregi Díaz de Herediari eman dio «Poesiako Lauaxeta Saria», Bitan esan beharra lanagatik, eta Jabi Elortegiri, «Ikus-entzunezkoen Lauaxeta Saria», Galerna, ekaitz ezezaguna dokumentalagatik. Azkenik, Balendin Lasuen Solozabali eman dio «Lauaxeta Ohorezko Saria».
Kanpoan da Arregi eta bere ordez Mikel Ayerbek jaso du saria, baita ahotsa ipini esker oneko haren gutunari. «Bitan esan beharra» izeneko poesia liburuagatik hartu du saria, Lauaxeta beraren hitz batzuk jasotzen ditu bertan, idazle mungiarrarekin gogoratuz sentimendu beldurgarri eta kontsolagarria sortzen zaiola aitortu du.
Euskal Herriko gay eta lesbianei eta baita Nafarroako irakasle espiatuei dedikatu die Arregik saria. Jabi Elortegik aita, eta aitxitxe zituen euskal arrantzaleak izan ditu gogoan «Galerna: Ekaitz ezezaguna» dokumentalean.
89 urte dituen Balendin Lasuen zaldibartarrari saria, gorazarre eta omenaldi beroa Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean. Ibilbide luzeko kultur-gizona, hainbat esparrutan, etnografian, dantza eta musika, literatura, sormena eta zabalkundean, Zaldibarko lehen alkate demokratikoa ere izandakoa da Lasuen. Umetan Bitor Gandiagaren «Ixiartxo» antzezlanean tiple gisa abestutako doinua gogoratu du.


![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)



