::Andrea Alfaro.
Badira hiru aste El Corte Ingles-eko erakusleihoak prest daudela Gabonetako kontsumoa, barkatu, espiritua pizteko. Hala ere, batzuek lana galdu dute edo galtzeko zorian daude eta erakusleiho horiek gorrotatzen dituzte, bere egoera gogorarazten dietelako. Aurten, euren etxera Olentzerok ez du X-box-a, bizikletarik, poltsarik ezta arroparik ere ekarriko.
Gai horretaz hizketan ari ginela, “Gabonetako izpiritua” deritzona galdu ote dugun galdetu zuen irakasleak eta hori dela eta, Gabonak ospatzeko egon daitezkeen arrazoiak bildu ondoren, artikulu bat prestatzeko eskatu zidan. Egia esan, gaurko garaian lan hori ez da batere erraza, baina gaur goizean egunkaria irakurtzean konturatu naiz krisiak benetako elkartasuna sortu duela. Horregatik, ematen didazuen aukera aprobetxatuz, bildutako elkartasunari buruzko berriak kontatuko dizkizuet:
Pasa den hilabetean, adoptatutako nerabea daukan bikote bat ( langabezian biak) bere pisua galtzeko zorian zegoen bi hilabeteko alokairua ez ordaintzeagatik. Gainera, egunero nerabea institutura oinez joaten zen eta lau kilometroko ibilbidea egiten zuen egunero , hain zuzen ere, barik-a ordaindu ezin zutelako. Egunkarian, familia horren egoeraren berria azaldu zenez, pertsona batzuk egunkariarekin harremanetan jarri ziren familia horren zorra ordaintzeko. Denak pertsona anonimoak izan ziren, eta haiei esker lortu zuten bere pisua mantentzea. Azken egunotan, euren egoerak hobera egin du eta haietako batek lana aurkitu duenez, dirua itzultzeko prest daudela esan dute. Hala ere, lagundu egin zieten horiek dirua gordetzeko esan zieten, badaezpada.
Beste berri on bat izan da Elikagaien Bankuak 546 tona janari batu dituela, pasa den urtean batu zenaren bikoitza. Haatik, bere alde txarra ere badu, horrek jende gehiagok laguntza behar duen seinale delako. Gizarteak, behintzat, deialdiari erantzun dio.
Eta bukatzeko, badauzkagu egitasmo batzuk gauzak beste era batera egiteko. Hauetariko bat Change.org da. Orain arte, politikariek hauteskundeetan baino ez ziguten kasurik egiten, beraz, kasu gehiago egiteko asmatu zuten plataforma hori. Proposamen desberdinak zabal daitezke eta Interneten bidez susta daitezke. Bildutako sinadurekin politikariak legeak aldatzera behartuta omen daude. Plataforma horri esker, gaixotasun arraroak tratatu ahal dira, edo eskolan ikasteko liburu-maileguen aldeko kanpainak daude martxan.
Ikusten duzuenez, krisiak gure kontzientzia piztu du eta egindako ekintzak oso lagungarriak izan dira; agian, gure gizartean zerbait aldatzen ari da. Beraz, galdu baduzu lana edo galtzeko zorian bazaude, ulertzen dugu biziki haserre egotea, baina ez zaude bakarrik eta zure inguruan lagun bat, zure familia edo pertsona anonimo bat ere, beti laguntzeko prest egongo da.
Hala ere, normala da, aurten, Gabonak ospatzeko gogorik ez edukitzea. Horregatik, bakoitzak nahi duena ospatu behar du, baina zorionez, gure gizartean borrokatzeko gogorik berreskuratu behar dugu. Gure artean laguntzeko sare handi bat eraiki dugu eta horrela hasi behar dugu urte berria, beharbada, urte berria on izango da. Ezin dugu itxaropena galdu. Ez horixe!
*Argazkia Chapinaki 2009




![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)



