::Mikel Etxebarria.
Pasa den irailean txapelketa hasi zenetik hitzetik hortzera zebilena bete egin zen. Amets Arzallus eta Maialen Lujanbioreren artean erabaki zen txapela. Buruz burukora biak iritsi ziren, eta, azkenean, puntuazioan dezenteko aldearekin, hendaiarra nagusitu zen. Maialenek 2009an historia egin zuen, txapela jantzi zuen lehen emakumea izan zelako, eta, oraingoan, Ametsek egin du historia, Xalbadorrek 67an lortu zuenetik denbora luze pasa da eta. Iparraldekoaren garaipenak izugarri poztu zituen bertsozale asko, Amets kuttunenetakoa dute eta. Ametsek goizeko saio zoragarriek ia erabakita utzi zuten txapelketa.
Hona hemen irabazlearen adierazpenak:Amets Arzallus: ‘Nire ingurukoen poza da nire poza’
Bizkaitarrei dagokienez, Igor Elortzaren hirugarren postua azpimarratu behar da. Aurreko egunetan aipatu zuen txapelketetan ez duela onena ematen, baina atzokoan oso fin ibili zen. Unai Iturriaga seigarrena izan zen. Bertso batean iragarri zuen atzokoa azkeneko txapelketa izango zela.
Ametsek jantzi zuen txapela, baina euskaltzale guztiok izan ginen txapeldun. Barakaldon 13. 000 lagun baino gehiago elkartu izanak gure hizkuntza txikiak izugarrizko indarra duela erakusten du. Duela urte batzuk imajinatu ezineko ametsa.


![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)



