hamaikaetabat

juan mateo zabala euskaltegiaren peña

mikel 2013 / 12 / 16
612 €uro. Azala

612 €uro. Arretxeren azken lana

 :: Juan Carlos Murillo.

Jon Arretxek argitaratu berri du 612 €uro nobela. Gabonetarako (nire) liburua

Bueltan da Toure, San Frantzisko auzoko detektibe berezia, bizilagun afrikarrentzat agurgarria, emakume zurientzat desiragarria eta polizientzat mespretxagarria. Bolada txar batetik pasatzen ari den momentuan ustezko anaia baten bisita jasoko du bere patera-pisuan, lekua egingo dio afrikar abegiaren izenean eta, erabaki horren erruz, arazo larriak sortuko zaizkio, lapurreta, droga-trafiko eta hilketa kasuetan belarrietaraino nahastuko dutenak.

 19 Kamera arrakastatsuaren ondoren dator 612 €uro. Toureren sagako bigarren nobela hau ere Euskal Herriko ghettorik handienean kokatuta dago, Bilboko San Frantziskon. 612 euro instituzioek behartsuenei hilero ematen dieten kopurua da, sanfrantziskotar askoren esperantza bizirik irauteko.

 Gordintasuna eta umorea konbinatuz, Jon Arretxek erritmo biziko eleberria eraiki du, irakurlea lehen orrialdetik harrapatu eta amaiera arte oharkabean daramana.

 “Berandu heldu nintzen Bilbora nire literatura-bidaietan, kontinente zenbaitetan zehar ibili ondoren, eta kontinente horiek guztiak Bilbon aurkitu eta nire nobeletara ekarri nituen” esan zuen Jon Arretxek Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko Bilboko Udalak egin zuen harrera ekitaldian, Bilbo literatura modernora ekarri duten beste idazle batzuekin batera jaso zuen omenaldia eskertzeko. Errekonozimendua eskertzeko hitzetan, euskara jadanik hiri hizkuntza dela azpimarratu zuen eta baita Bilbo Euskal herriko ia-ia hiri bakarra dela ere. Eta zer hiritarrago, zer bilbotarrago, nobela beltza baino?

 Afrika Txikia eta Bilbo Zuria, mundu bi, bata bestearen ondoan eta elkarri bizkar emanda bizi direnak aurkezten dizkigu Jonek burkinafasoar bilbotartuaren eta beraren kideen begietatik. San Frantzisko eta Gorte kaleak, Kantaloja zubia edota Harrobiaren eta Fleming Doktorearen plaza ezagunak berraurkitzen ditugu bertoko biztanleen ikuspegi eta bizipenen bitartez.

 Erraz eta gustura irakurtzen diren liburuetakoa dugu Jonen azkenengo nobela hau. Bilbo, euskararen egunekoSan Frantzisko auzoa, hartzen du berriro ere nobelarako eskenatoki; egilearen hitzetan, nekez aurki daiteke inguru aproposagorik munduko edozein hiri-txokotan gerta litekeen istorioa kokatzeko.

 Norberaren eguneroko espazioak, pertsonak, gertakizunak, fikzioaren argitan eta fikzioaren urruntasunean ikustea oso dibertigarria gertatu zait beti, turistentzako pisu biko autobus batetik neure hiria bisitatu eta kanpotarraren begiez betiko txokoak, kale eta eraikuntzak berriro deskubrituko banitu bezala.

 Oso aukera egokia, nire ustez, neguko arratsalde ilunetan irakurtzeko eta, jakina, Gabonetan oparitzeko.

 

 Arretxe eta Uribe omendu zituen Bilboko Udalak


Shares