hamaikaetabat

juan mateo zabala euskaltegiaren peña

mikel 2013 / 12 / 18

::Maite Gonzalez Bilbao.

Toquero gola ospatzen

Toquero gola ospatzen

Sanchez Pizjuan futbol zelaian bi puntu utzi zituen igandean Athletic-ek. Jokalariek euren bertsiorik onena erakutsi zuten Sevillan, Vigon ikusitakoaren ondoren, baina ezinezkoa izan zen garaipenerako gola sartzea, nahiz eta aukerak izan, hain zuzen, azken minutuetan Aritz Aduriz-en burukada batean.

Partidan atzetik jarri eta gero, jokalariek bi minututan erreakzionatu zuten eta berdinketa lortu zuten. Oso garrantzitsua izan zen hain azkar partida berriz ere parekatzea. Gola Susaeta-ri eman diote, eta egia da, bera izan baitzen baloia azkenengoz ukitu zuena, baina gol horren meritu guztia Toquerok dauka. Asko miresten dut jokalari hau. Askotan entzun behar izan dut ez dela lehenengo mailako jokalaria, baina hor mantendu da hiru entrenatzaile desberdinekin. Teknikoki jokalaririk onena ez da, ados nago, baina niri zelairatzean %100 ematen duten jokalariak gustatzen zaizkit, eta Toquero horietakoa da.

Atsedenaldia baino lehenago 1-2koa lortzeko aukera paregabea izan genuen. Baina horretarako penalti bat sartu behar zen, penalti madarikatuak!! Athletic-entzat hobe da korner bat adieraztea penalti bat baino. Denboraldi honetan bitan huts egin dugu. Baina zenbaki orokorrak begiratuta jaurtitako azkenengo 32 penaltietatik 16tan kale egin dute. Gehiegi dira. Ez da normala hainbeste penalti huts egitea, eta horrela adierazi zuen Valverdek .

Penalti hori sartuz gero, hiru puntuak Bilbon egongo zirela uste dut. Bigarren zatian Athletic oso sendo egon zen eta Sevilla baino gehiago izan zen. Minutu askotan Sevillako 11 jokalariak euren zelaian egon ziren Athletic-ek egindako presioari esker, eta erdigunean berreskuratutako baloiei esker. Beraz, partida bukatzean sentsazio gazi-gozo nuen, taldea partida irabazteko kapaz ikusi nuelako.

 


Shares