::Juan Carlos Murillo.
2013/12/18 erabili.com (moldatua)
Juan Mateo Zabala euskaltegiak goi-mailako Bikain, euskararen kalitate ziurtagiria, jaso du.
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiriak banatu zituen atzo (2013-12-17), Bilboko EITBren egoitzan egindako ekitaldian. Orotara 36 erakundek jaso dute ziurtagiria aurten; horietatik 9k goi-mailako urrezko Bikain egiaztatu dute; 16k tartekoa den zilarrezkoa; eta 11k oinarrizkoa. Kanpo-ebaluazio horiek Bikain Ebaluatzaileen Klubeko 113 kidek burutu dituzte.300 pertsonatik gora elkartu ziren Bilboko EITBren egoitzan, 19:00etan hasita egin zen Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagirien banaketa ekitaldiaren 6. edizioan. Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin batera, oholtzan Cristina Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua; Patxi Baztarrika, Hizkuntza Politikarako sailburuordea; eta Asier Aloria Confebask-eko formazio zuzendaria izan ziren. Atzo arratsaldean Bilbora bertaratu ziren, besteak beste, Bikain Ziurtagiria eskuratu duten erakundeetako ordezkariak, Ebaluatzaile Klubeko kideak, enpresaburu zein kooperatiba elkarteen goi-ordezkariak, euskal kulturgintzako ordezkariak, eta baita administrazioetako, alderdi politikoetako nahiz sindikatuetako ordezkariak ere.
Bikain Kanpo-Ebaluazioak Eusko Jaurlaritzak antolatzen ditu Euskalit Bikaintasunerako Euskal Fundazioarekin lankidetzan, eta erakunde batean euskararen erabilera, presentzia eta kudeaketa neurtzera daude zuzenduak. Hori horrela, aurten parte hartu duten erakundeek dagoeneko jaso dute ebaluazio-txosten bana beren indargune nahiz zer hobetuen berri zehatza ematen diena, lortutako puntuazioa eta horren araberako ziurtagiriarekin batera; hori guztia, lan-ibilbide desberdinetako ebaluatzaile talde batek egina, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren zuzendaritzapean.
Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiria ofiziala, publikoa eta doakoa da, eta hiru maila hartzen ditu bere baitan: oinarrizkoa (200 puntu gutxienez); tarteko maila edo zilarrezkoa (400 puntu gutxienez) eta goi maila edo urrezkoa (700 puntu gutxienez).
Atzoko ekitaldian ziurtagiria jaso zutenen artean, ohi bezala, orotariko enpresa eta erakundeak daude: industrial nahiz teknologikoak, zerbitzuetakoak, asistentzialak, garraioetakoak, hezkuntzakoak, aholkularitza-alorrekoak nahiz administraziokoak. Horiek guztiek egiaztatu dute garapen-maila bat edo beste euskararen erabilera, presentzia eta kudeaketan.
Bikain kanpo-ebaluazio bat egin ondoren eskura daitekeen ziurtagiria da. Ebaluazio horretan EMEk (Erreferentzia Marko Estandarrak) zehaztutako alorretan euskararen presentzia, erabilera eta, oro har, kudeaketa neurtzen da. Ebaluatzen diren alorrak hauek dira:
- Erakundearen komunikazioa eta irudi korporatiboa
- Kanpo harremanak
- Barne harremanak
- Hizkuntza kudeaketa
Kanpo-ebaluazio horiek Bikain Ebaluatzaileen Klubeko kideek egiten dituzte era altruistan. Ebaluatzaile horiek lan-sektore askotarikoak dira, baita eskala diferentetakoak ere, zuzendaritza-mailakoetatik hasi eta tartekoetatik jarraituta, maila ohikoagoetaraino.
Bikain Ziurtagiriaren zuzendaritza organoetan, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea batzordeburu dela, EAEko enpresarien elkarteak (CONFEBASK, SEA, CEBEK eta ADEGI), Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa, hiru foru aldundiak, Euskaltzaindia eta EUDEL biltzen dira.
«36 izar berri euskararen izartegian»
Iñigo Urkullu lehendakariak euskara zerbitzu eta lan hizkuntza bezala erabiltzen dutenen garrantzia azpimarratu zuen Bilboko ekitaldian. Urkulluk Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiria lortu duten 36 erakundeak zoriondu zituen, «36 izar berri euskararen izartegian».
Bikain Ziurtagiriak iraunkoratsuna saritzen du, Urkulluren esanetan, iraunkortasuna bai lanaren planifikazio atalean, baita kudeaketa momentuan ere. Euskara sustatzea Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna dela gogorarazi zuen Urkulluk eta elebitasun orekatua indartzea gizarte-kohesioa sendotzea ere badela ziurtatu zuen. Beraz, lan munduan euskara erabiltzea ongizaterantz abiatzen den gizartearen adierazgarria da, adierazi zuen lehendakariak.Lehendakariak, bere hitzaldian, berriki zendu den Ramon Labaien ekarri zuen gogora. Euskararen sustatzailea eta EITB edota HABE martxan jarri zituena. Urte haietan Labaienek piztutako zuzia nahitaezkoa izan da euskara biziberritzeko eta gaur, Bikain bezalako egitasmoak garatzeko, azaldu zuen Urkulluk.
Esan bezala, urrezko Bikain ziurtagiria jaso zutenen artean Juan Mateo Zabala euskaltegia dago.
Eskerrik beroenak eman nahi dizkizuegu urte hauetan guztietan eta gaur egun ere, gurekin ibili zareten eta zabiltzaten irakasle, lankide, hornitzaile eta lagun guztiei eta, bereziki, ikasle zareten eta izan zareten guztioi. Zuena da Bikain hau! Zuek zarete bikainak! Zorionak!
Atxikitako PDF dokumentuan, 2013an Bikain Ziurtagiria eskuratu duten enpresa edo erakundeen izenak irakur daitezke.



![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)



