::Mikel Etxebarria Antuñano.
Beste mito bat joan zaigu eta Sarita Estevez kazezari beteranoak prentsan adierazi duenez, gero eta gutxiago geratzen zaizkigu. Jose Mari Maguregi hamaikako historiko baten partaide izan zen, tituluak erreska lortu zituen azken Athletic handiarena, hain zuzen. Hamaika bider entzun diegu gure nagusiei hamaikako zoragarri hura: Carmelo, Orue, Garai, Canito, Mauri, Maguregi … 50eko hamarkadan talde hark segida eman zien Venancio, Panizo, Iriondo, Zarra eta Gainzaren garaipenei. Athletic hura gure nagusien gogoan irmo geratu ziren zenbait titulu eta partiden protagonista izan zen. “Los once aldeanos” Europako talderik onenen aurka lehiatu ziren inolako konplexu barik. Oporto, Honved eta Manchesterren aurkako kanporaketek, Bernabeun bertan Real Madrili irabazitako finalak, lortutako ligak eta kopek ideia ematen digute taldeak zuen mailaz.
Talde horren bihotza eta arima Mauri gernikarra eta Maguregi izan ziren. Askoren ustez, biek osatu zuten erdiko lerro itzela. Maguregi bizkartzain zuelarik, Maurik aurkakoen defentsak urratzen zituen. Maguregik oreka ematen zion taldeari, ez zuen inoiz lekua galtzen eta oso trebea zen baloia berreskuratzen. Erasoko jokaldi gehienak Maguregiren oinetatik irteten ziren, paserik onenak erraztasun handiz aurreikusten zituen eta.
Futbola utzita, entrenatzen hasi zen. Racing, Celta, Almeria, Espanyol eta abar entrenatu zituen. Prentsak kritika gogorrak, eta gehienetan bidegabekoak, egin ohi zituen Ugaokoaren planteamenduak aztertzeko orduan. Behin eta berriro aipatzen zuten “Maguregiren autobusa “ . Ohiko bihurtu den esamolde horrekin (poner el autobús delante de la portería) kritikatu nahi zuten Maguregiren taldeek egiten zuten joko defentsiboa. Kazetariei askotan ahazten zaie ligako hamazazpigarrenaren entrenatzaileak txapeldunarenak baino meritu handiagoa duela. Maguregi ez zen ibili izen handiko taldeetan, eta kontratatzen zutenean helburua beti izaten zen bigarrenera ez jaistea edo lehenengora igotzea. Horretan ere, Jose Mari maisu izan zen.



![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)



