hamaikaetabat

juan mateo zabala euskaltegiaren peña

mikel 2014 / 01 / 12

::Mikel Etxebarria.

Belauste espainiar grina eta kemenaren ikurra izan da urteetan zehar. Izan ere, Espainiako selekzioak jokatzen dituen txapelketetan ezin falta  “la furia española” kazetari eta zaleen aipuetan. Zenbat bider errepikatu dute Belausteren golaren istorioa? Zenbat bider esan digute euskaldun “zintzo” batzuei  esker Espainiak zilarrezko domina irabazi zuela Anbereseko  Joko Olinpikoetan? Zenbatetan entzun behar izan dugu “ ¡Sabino, a mí el pelotón,  que los arrollo!” esaldi mitikoa?

Belauste handia

Belauste handia

Aipamen horiek guztiak asmatutako kontuak baino ez dira. Beste askotan bezala, futbola eta futbolariak erabili ziren kirolarekin zerikusirik ez zeukaten balore eta pentsamolde batzuk justifikatzeko eta zabaltzeko. Anberes-en gertatutakoa mitoa sortzeko erabili zen, bizirik dirauen mitoa, sendo eta sakon errotuta, baina egiatik oso urrun.

Espainiako selekzioak ez zuen zilarrezko domina indar eta kemenaren bidez irabazi; are gehiago,  finalera  jokatzeko sailkatu ere ez zen sailkatu. Finala jokatu zuen Txekoslovakia partida erdian erretiratu zenez[i], kanporatu  egin zuten eta horri esker eskuratu zuten  espainiarrek bigarren postua.

Orduko gobernuak “bulegoetan” lortutako garaipenari  erabilpen politikoa eman zion. Espainiaren esku zeuden Marokoko lurraldeak izugarrizko buruhauste izan ziren XX. mendeko lehen herenean. Izan ere, Riffeko gudako etengabeko porrotek biztanleriaren haserrea eta konfiantza eza piztu zituzten. Egoera larri hartan, Joko Olinpikoetan egindako “balentria” espainiarren ohore, ausardia eta kemenaren gisa aurkeztu zen.

Jokaldi ospetsuaren protagonistaz, eman den irudia ere oso urrun dago egiatik, datu ugari nahita isildu dira eta. Futbolari gisa titulu ugari irabazi zuen arren, indarra baino ez da nabarmendu nahi izan. Ate barrura pilotaz gain, hiru suediar erraldoi  ere sartu zituela baino ez digute azaldu, gehiago ezagutzea ez baitzen komeni. Belaustek zuzenbidea ikasi zuen,  kirol ugari praktikatu zituen, eta Bilboko  euskaldun berrien artean lehenetarikoa izan zen. Espainiar jokoaren eredutzat hartu zutenak ez zuen inoiz bere abertzaletasuna ezkutatu, eta horren ondorioz, bitan hartu izan behar zuen erbesterako bidea[ii].

Lehen aipatu denez, Belauste  euskaldun berria zen. Garrantzirik gabeko datua iruditu arren, ez da horrela, euskarak zerikusi handia baitu milaka bider errepikatu den istorioarekin. “¡Sabino, a mí el balón, que los arrollo!” ez zen bilbotarraren eztarritik irten, ezta inorenetik ere. Dirudienez, “Sabino, aurrera!”  izan zen benetako oihua. Izena eta hizkuntza ez ziren oso aproposak espainiarren kemena irudikatzeko, alajaina!

Athleticen hamaikaoa. Belauste ezkerraldan dagoena da.

Athleticen hamaikaoa. Belauste ezkerraldan dagoena da.

Gaiari amaiera emateko , azaldu beharreko beste datu bat dago. Behin eta berriro erabiliagatik, “la furia española”  terminoa asmatu zutenek ez zuten egin jokalari batzuen kemena azpimarratzearren. Belgikan , eta Anberesen bereziki, mendeetan zehar hitz egin da horri buruz, eta beti portaera desegokiak, gehiegikeriak edo triskantzak aipatzeko. “La furia española” ez zen Olinpiada horietan asmatu, mende batzuk lehenago baizik. Izan ere, 1575ean, bi urte kobratu barik zeramaten Felipe IIaren soldadu gosetiek eraso egin zioten defendatu behar zuten Anberes hiriari. Anberesen  gertatutako erabateko txikizioak betiko iraungo zuen belgikarren gogoan.



[i] Txekoslovakiak protesta egin zuen Belgikako armadaren kide gehiegi zeudelako futbol zelaian. Txekiarren ustez, horrek eragina izan zuen arbitroaren jokaeran.

[ii] Hogeiko hamarkadan Frantziara ihes egin behar izan zuen, ekitaldi politiko batean egindako adierazpenengatik. 1937an Euzkadi taldeko partaidea izan zen eta Europako eta Amerikako herri batzuetan jokatu ondoren, Mexikon geratu zen 1964an hil arte.


Shares