hamaikaetabat

juan mateo zabala euskaltegiaren peña

mikel 2014 / 01 / 21

:: Mikel Etxebarria.

Egoera ulertzen zaila bada ere, badirudi Bilboko saskibaloi profesionalak ez duela babeslerik aurkitzen. Azken urteotan Europako finalera bitan heldu den taldeak ez du hemengo enpresa eta erakundeen interesa piztu. Ziur asko ekonomiaren egoera txarrak zerikusi handia izango du, baina aurrekontuan zein zale-kopuruan Bilbao Basket baino askoz txikiagoak diren taldeek badute babesleen diru-iturria ziurtaturik. Horregatik, egoera ekonomiko txarrak  ez gaitu itsutu behar, arazoa ez baitago sosik ezean, taldea kudeatzeko moduan baizik.

Jon Arrinda, taldeko ohorezko presedintea

Jon Arrinda, taldeko ohorezko presedintea

Duela zenbait urte, Bilboko Kutxa taldea ez zen ACBra igo, horretarako behar zituen abalak ez lortzeagatik. Jon Arrindak, taldeko presidenteak, ezin izan zuen bildu ACBk eskatutako diru-kopurua. Bizkaian ez zuen aurkitu taldean  inbertitu nahi zuenik, Arrindaren kudeaketaz inor gutxi fidatzen zen eta. Izan ere, Bizkaiko kutxek, Bilboko Kutxa barne, eta Neguriko enpresa-gizon askok susmo txarra hartua zioten gaurko presidentearen aitari harribitxi batzuen inguruan egindako negozio ilunagatik. Arrindak kutxan zuen lanpostuari esker, dirudun batzuk konbentzitu zituen harribitxien merkatuan sartzeko. Baina, usteak erdia ustel. Negozioa txarto irten zen, ustezko harribitxiak bisuteria-piezak baino ez baitziren.

Epaiketan epaileak libre utzi zuen Arrinda, harribitxien benetako prezio ez zuela ezagutzen iritzi baitzion. Makularik gabe justiziaren aurrean, baina ez zuten gauza bera pentsatu sortu berria zen BBKren arduradunek eta Bizkaiko eta Euskal Herriko enpresa askotako kontseiluetan esertzen ziren familia askok.

Bilbao Basket goi-mailako taldea izatera heldu zenean, semeak aitaren lekukoa hartu zuen eta bazirudien gauzak ondo zihoazela. Baina taldeak zauri larria zuen bihotzean, hemengo banku eta enpresa askoren sostengua galduta, aurrera jarraitu ahal izateko herri-erakundeen laguntza behar-beharrezko zuen eta. Politikari eta Arrinda familiaren arteko senar-emazte horretan interesa zen nagusi, eta badirudi politikariek saskibaloiarekiko interesa galdu dutela, edo hobeto esanda, Arrinda familiarekiko interesa.

Gorkaren agindupean, urte hauetako kirol-lorpenek nolabait estali dute kudeaketa eskasa. Orain, berriz, zaleek buruan gordeta zituzten hainbat galdera eta zalantza  plazaratzen hasi dira. Nola da posible jokalari askoren ordezkaria talde bateko presidentea izatea? Zergatik dauka hain zorte txarra babesleak (Iurbentia-ko Jabyer Fernandez, Uxue-ko Sergio Perez …) aukeratzeko orduan? Zenbat Arrindatarrek dute taldea  bizimodutzat?

Arrinda eta Sergio Perez

Arrinda eta Sergio Perez

Prentsak esandakoaren arabera, Bizkaiko enpresari batzuek dirua sartu nahi omen dute taldean, baina Arrinda familia egitasmo berritik geratzea dute baldintza.  Gorkaren erantzuna berehalakoa izan da eta argi utzi du taldea zuzentzen jarraitzeko asmoa duela.

Zaleak, taldeak duen benetako harribitxia, nekatzen hasiak dira, etorkizuna jokalarien kamisetak baino beltzago ikusten dute eta.

 


Shares