::Maite Gonzalez Bilbao.
Partida bukatu eta gero post-a idazteko jesarri nintzen nire idazmahaian, baina nuen haserrealdiarekin ezinezkoa zen. Minutu batzuk itxaron behar izan nituen, burutik pasatzen zitzaidana ez esateko, eta filtro pixka batekin idazteko. Benetako amorrua ematen dit jokalari batzuei onartzen zaienak. Atzoko kasuan Diego Costak meritu itzelak egin zituen kanporatua izateko, baina arbitroak beldurra izan zuen, ez zen ausartu. Batzuetan baliteke arbitroak jokaldia ondo ez ikustea edo zalantzazko jokaldi izatea, baina atzokoak oso argia izan ziren.
Ezin daiteke atzokoa bezalako arbitraje bat onartu finalerditarako pasea jokoan dagoenean. Gainera Atletico Madrilgo jokalariek zelaian jaun eta jabe sentitzen ziren, eta arbitroak kontra adierazten zizkien akzio gehienetan kexa egiten zuten. Denok ikusi genuen madrildarren joko zikina, noski, arbitroak izan ezik! Baina, zer espero Simeonek entrenatutako talde bati buruz? Bere esentzia izan behar du. Bilbon denok gogoratzen dugu Julen Guerrerori egindakoa.
Kanporaketa oso irekia dago atzoko partidaren ostean. Berriz ere konfiantza izan beharko dugu gure gotorlekuan, San Mames-ek erabakiko du nork merezi duen finalerdietara pasatzea. Madrildarrek abantaila minimoa dute, oso markagailu motzarekin datoz Bilbora. Aurreko bi kanporaketetan ere, Celta eta Betis-en aurka jokatutakoak, Athletic-ek bat eta hutseko markagailuari aurre egin behar izan zion. Esperantzarako motiboak egon badaude.
Ez dizkiegu gauzak erraz jarriko, berriz ere zaleek gure oihuekin taldea bultzatuko dugu. 90 minutu ditugu aurretik, eta oso posible da kanporaketari buelta ematea. Aurten San Mames-ek magia dauka, eta bertan dena posible delako susmoa daukat. Asteazkenean beste aukera bat dugu Katedralean gau magiko bat bizitzeko.



![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)



