::Maite Gonzalez Bilbao.
Athletic-ek Real Madril gainditu zuen atzo, batez ere lehenengo zatian, non lehoiek bikain jokatu zuten. Atsedenaldira markagailuan aurretik joateko aukera ugari izan genituen, baina ezin izan genuen lehenengo zatia golen bat sartuta borobildu. Gure taldea denboraldiko momenturik onenean dagoela uste dut, nahiz eta Errege Kopatik at egon, maila handiko partidak egiten ari da. Eta atzo ere erakutsi genuen talde madrildarra itoz.
Lehenengo zatia ikusi eta gero denok hurbilago ikusten genuen partida irabaztea, nahiz eta Iraizoz-ek pare bat geldiketa klabe egin behar izan. Berdinketa honek, beste batzuekin konparatuta, zapore hobea uzten digu aurkariaren mailagatik. Madrildarra talde ona da eta futbolean ondo jokatzen du. Nik begikorik ez diet merengeei, baina daukaten maila aitortu beharra dago. Beste kontu bat da jokalari batzuen jarrera. Talde «handi» hauetan normalean jokalari askori umiltasuna falta zaie. Momentu oro arbitroari faltak eta txartelak eskatzen, inolako lotsa edo beldur barik! Eta Xabi Alonsorena? Hura bai jokalari zikina, ez zuen partida bukatu behar izan! Gainera, aparteko motibazioa zeukala zirudien, ez duzue uste?
Gure jokalariei dagokienez, Ibai Gomez golari begira egoera bikainean dago, eta atzo ere berretsi zuen. Zelairatu bezainprontoberdinketaren gola egin zuen Santutxukoak, hori bai eraginkortasuna, bolada paregabean dago! Real Madrilek zuen marka hautsi zuen, 821 minutu golik jaso gabe.
Partidako jokaldirik eztabaidagarriena zurigorrien golaren ostean etorri zen: Cristiano Ronaldoren kanporatzea Gurpegiri egindako agresioarengatik. Jokaldia ez zen hainbesterako izan, baina keinu horiek zigortu behar direla uste dut; beraz, arbitroaren erabakiarekin bat nator eta txartel gorria bidezkoa iruditzen zait. Gogoratu behar dugu Levanteren aurkako partidan Aduriz-i zerbait antzekoa gertatu zitzaiola. Eta atzerago joanda, nork ez du gogoratzen Casillas-ek Yesteren kontura egindako antzerkia? Ondo etorriko zaio Ronaldori kanporatzea, ea pixka bat lasaitzen den.



![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)



