::Maite Gonzalez Bilbao.
… ez dio gezurrik. Berriz ere Griezmann-ek erakutsi du ez duela esaera zahar honen esanahia ezagutzen. Batzuetan isilik egotea aukerarik onena izaten da, batez ere publikoki egiten diren adierazpenetan.
Griezmann-ek bakar bakarrik, inongo presiorik gabe, egoera deserosoa sortu du. Kazetari batek Errealak Athletic harrapatzeko gai den galdetu zion. Gogoratu behar dugu zuri-urdinen helburua Europara sartzea dela, eta posible balitz, berriz ere datorren urtean Champions-a jokatzea. Hain zuzen, Athletic-ek sailkapenean duen laugarren postua nahi dute.
Galdera honi lasaitasun osoz erantzun zion “ez dut Athletic ikusten, ez ditut haien partidak jarraitzen, ez dakit nola dauden”. Erantzun honek iskanbila pixka bat sortu du, batez ere sare sozialetan.
Alde batetik, jokalariaren mesederako oso erantzun txarra dela iruditzen zait. Profesionaltasun falta handia erakusten du jokalariak. Errealaren jarraitzaile izango banintz jarrera hori agirakatuko nioke. Nahiz eta gogoko ez izan, Athletic da Errealak garaitu behar duen lehiakideetako bat.
Ni Athletic zalea naiz, eta liga dagoen moduan ikusita, nire taldeko jokalariek Real Madril, Atletico edo Bartzelonaren partidak ikusten ez dituztela esaten badute izugarrizko haserrea hartuko nuke. Bilbotarrak badakizue nolakoak garen, eta aukera matematikoak daude bitartean … oraindik liga konkistatzeko aukerak egon badaude!
Bromak alde batera utzita, eta Griezmann-en gaiarekin bukatzeko, jokalari frantsesari gogoratu nahiko nioke orain dela bi denboraldi pentsaera oso desberdina zuela. Beste taldekide batzuekin San Mames-era joan zen Athletic eta Lisboako Sporting-en arteko partida ikusten. Normala, Europa League-ko finalerdiak ez dira egunero ikusten!


![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)



