::Mikel Etxebarria.
Asteburu honetan eskola-futbolak egunkarietako orri asko bete ditu. 16 urteko arbitro batek Leongo ospitale batera eraman behar izan zuten zazpi urteko jokalari baten gurasoek eta lagunek jipoituta. Duela bi hilabete inguru, horrelako portaera desegoki baten berri izan genuen Bizkaiko hedebideetan. Izan ere, Derioko bi talderen arteko partidan guraso eta entrenatzileen arteko liskarrak zirela eta, federakuntzak zenbait zigor ezarri behar izan zituen.
Halako berriek jomugan jartzen dituzte eskola-futbola eta gurasoak. Ustezko adituek haurrek jasotzen dituzten eredu txarrez, kirolaren lehiakortasunez, bortizkeriaz… jardun ohi dute halakoetan, baina gauzarik garrantzitsuena aipatzea ahazten zaie. Ez dute esaten asteburuetan jokatzen diren partida gehien-gehienetan bertaratutakoen portaera egoki bezain hezgarri dela. Tristea da baina salbuespaenari ohikoa denari baino axola handiagoa- handiegia esango nuke- emateko joera dugu.
Denboraldi honetan txartel beltza jarri da martxan umeen arteko partidetan. Arau berriari esker arbitroek portaera desegokia duten ikusleei txartel beltza atera ahal diete. Gainera, horrelakorik ikusten duena ezin da kirol-instakuntza batera sartu denbora luzez. Datuak oso argigarriak dira. 4.000 partida jokatuta, hiru txartel beltz. 80.000 ikusleren artean hiru ganorabako.
Aurten futbolean hasi den zortzi urteko ume baten aita naiz eta orain arte ikusi eta bizi izandakoak goraipatzekoak izan dira. Haurrak futbolaren bidez balore onak jasotzen dituztelakoan nago. Arraza guztietako neska-mutilak elkarrekin jokatzea, taldekideen akatsak kontuan ez hartzea, arerioekiko begirunea, taldearen garrantzia… era naturalean sustatzen dira. Jokalari batek min handia hartuz gero, edo akats galanta eginez gero, beste taldeko haurren gurasoen txalo eta animoak ohikoak izaten dira. Halakoetan partidak gehiago du eskolatik kiroletik baino.
Ez ditut portaera desegoki horiek baztertu nahi. Jaso ditzatela merezi duten zigorra! Baina zuhaitz bat ezin da baso oso bat ikusi ahal izateko oztopo izan.


![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)



