::Maite Gonzalez Bilbao.
Larunbatekoa irabazi beharreko partida zen. Alde batetik aurkaria nahiko apala zen, denbora luzea daramate madrildarrek irabazi gabe. Beste alde batetik, gure zuzeneko lehiakideei presioa sartzeko ezinbestekoa zen irabaztea.
Athletic-ek ezer handirik egin gabe garaipena lortu zuen. Baina norgehiagokaren helburuak lortu ziren. Hiru puntuak eskuratzea eta Champions-eko borrokan buru izaten jarraitzea. Puntu bakoitza balio handiko da.
Getafe erdi hilda egongo balitz bezala zelairatu zen berdegunera, Athletic-i eman zion baloia eta bere zelaian sartu zen. Argi geratu zen zein zen euren joko estiloa, defendatu eta aukerarik egotekotan kontraerasoan jokatu. Horrelakoetan partida ona ikustea ez da erraza izaten. Gol aukerak egitea ere ezohikoena izaten da.
Partida trabatu honetan, Athletic-ek estrategia erabili zuen. Bai, estrategia. Arraroa da Athletic eta estrategia hitzak esaldi berean erabiltzea, baina horrela izan zen. Herrerak falta atera, eta Susaetak, atzetik etorrita, potentzia handiko jaurtiketa egin zuen, gol ikaragarria lortzeko. Partida bukatzean jokalariek aitortu zuten Valverdek askotan errepikatzen duela estrategiako jokaldiek duten garrantzia. Asteburu honetan partida irabazteko balio izan zuen.
Garaipenarekin lehiakideei presioa sartu genien. Aurreko asteekin konparatuta, jardunaldi honetan irabazteko presioa Errealak, Vila-real-ek eta Sevillak zuten laugarren postutik hurbil mantentzeko.
Partidaz gain, larunbatean beste momentu berezi bat bizi izan genuen. San Mames-ek Iñaki Azkuna-ri azken agurra eman zion. San Mames-ek minutu bateko isilune hunkigarria eskaini zion Munduko Alkaterik onenari. Bera ere zelai berri honen parte izateaz gain, Athletic-en jarraitzaile amorratua ere bazen. Agur Alkate, egun handira arte!
* Hasierako argazkia Luis Angel Gomezena da



![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)



