::Maite Gonzalez Bilbao.
Atletico de Madrid amesgaizto bihurtzen ari da Athletic-entzat. Denboraldi honetan jokatutako lau partidetatik madrildarrek denak irabazi dituzte. Niretzat talde hau Europa League-ko finaletik martirio bihurtu da. Simeoneren taldeak neurria hartu digu. Senetik ateratzen gaituen talde bat, eta larunbatean, berriz ere, euren nagusitasuna erakutsi nahi izan zuten.
Liderra etorri zen San Mamesera, eta lehenengo eta laugarren sailkatuaren artean dagoen diferentzia galanta nabarmen geratu zen. Horrelakoa da Espainiako Liga. Lehenengo, bigarren eta hirugarren postuetan sartzea ia ezinezkoa da. “Beste Liga”-n, behintzat, sendo mantentzen da Athletic “lehenengo” postuan.
Muniain-en gol goiztiarrak ilusioa piztu zuen zaleengan. Baina ordu laurden bat geroago Diego Costas-ek, hainbat abisu eman eta gero, partida berdindu zuen. Puntu horrekin konforme geunden ia denok partida nola zihoan ikusita, baina madrildarren nagusitasuna inposatu zen.
Teixeirak ere bere ukitua eman zion partidari, badakigu arbitro honen estiloa zein den. Hala ere, gure jarraitzaile zuzenek lortutako emaitzak ez dira txarrak izan guretzat. Errealak berdinketa lortu zuen euskal derbyan, baita Vila-real-ek ere. Sevillak aldiz bere norgehiagoka galdu zuen.
Astelehenean jokatuko du Athletic-ek hurrengo partida. Herrera berreskuratuko du Valverdek, baina entrenatzailek erronka handia izango du defentsan. Gurpegi eta Ekiza lesionatuta daude, Laportek txartel gorria ikusi zuen larunbatean, eta San Josek lan kaskarra egin zuen. Etxeita, Albizua eta San Jose izango ditu defentsako erdigunea betetzeko.



![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)



