::Maite Gonzalez Bilbao.
Igandeko partida oso hunkigarria izan zen hainbat arrazoirengatik. Lehenengo eta behin, denok genekien Sevillaren aurkako norgehiagokak zuen garrantzia. Beste alde batetik, partidaren atarikoak ikusmin handia sortu zuen zaleen artean. Egun handietan bezala zaleek jokalarien hotelean itxaron zuten eta San Mames-eraino “lagundu” zieten. Eta bukatzeko, zelai berriko lehenengo mosaikoa egin genuen, ikusgarria!
Partida ia erabakigarria izan zen, eta Athletic-ek aurrez aurre ekin zion norgehiagokari. Sevillak ,aldiz, ez zuen horrela egin. Aurkariaren akatsaren zain zegoela zirudien. Gehiago espero nuen Sevilla-rengandik. Bigarren buelta oso ona egin dute andaluziarrek, baina partida inportantenean huts egin zuten. Nire lasaitasunerako Susaetak laugarren minuturako gola egin zuen, eta ez edozein gol, gol olinpikoa! Susaetak garaipenerako bidea markatu zuen; hala ere, atsedenaldira heldu aurretik aukerak izan arren, lehenengo zatian ez genuen gol gehiagorik lortu. Baina bigarren zatia hasi eta berehala, zazpigarren minuturako, Munian-ek bigarren gola sartu zuen.
Emery-k oso berandu erreakzionatu zuen, Rakitic, taldeko izarra, 25 minutu faltan atera zuen eta. Gainera, gureek beste gol batekin erantzun zuten, partida errematatzeko, Herrera-ren burukada ederra. Erraz esaten da, baina zurigorriek 15. jardunalditik laugarren postuari eutsi diote, sendo gainera. Eta dudarik ez daukat geratzen diren hiruretan horrela izango dela. Vallecas-era irabazten joan behar dira, ostiraletik aurrera ozen abesteko Athletic Champions League!



![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)



