::Ana Bahamonde eta Mikel Etxebarria.
Ohi baino goizago altxatu behar, autobusak hartzeko hitzordua zortziak laurden gutxiagotan Botica Viejan genuen eta. Peñen elkartekoek lan gogorra egin zuten bezperan bidaia antolatzen, eta bagenekien zein autobusetara joan eta zein jesarlekutan jesarri. Hamaikaetabat-ekin batera Harrapari Taldea, Basauriko Hotz- Mikel Rico eta Oarsaldeko Zurigorriak.
Madrilera heldu baino lehen bi geldialdi. Lehenengoa, legeak aginduta, Lerman. Horrelako bidaietan txoferrek derrigorrean hiru laurdeneko atsedena hartu behar omen dute. Bigarrena, batzuen puxikak aginduta, Guadarraman, Lerman hartutako garagardoak husteko.
Ordu batean Vallecasen geunden. Sarrerak hartu eta bazkaltzera joan ginen. Gu Madrilen bizi diren lagun batzuekin Tres Cantos-era joan ginen bazkaltzera. Las Asquas jatetxean tratu ona eta janari hobea eman ziguten.
Seietan berriro Vallecasera, kaleko giroa gozatzeko. Zelaiaren ondoko kaleak eta tabernak gainezka, gehienak Athleticen zaleok, baina Rayorenak ere apurka-apurka lotu zitzaizkion jaiari. Kaleko giroa zoragarria izan bazen, zer esan zelai barruan ikusi eta sentitu genuenaz? Soropilean eta harmailetan ikuskizun ederra.
Zaleok eztarriak urratu genituen hit parade zurigorriak abestuz: Athletic geu gara, Solo hay un Athletic y es el de Bilbao, ¿Y Llorente qué?, Ikusi mendizaleak … eta kanta berri bat: Y la Pedroche, qué…? Partida amaituta, poztasun-eztanda. Jokalariek eta zaleok elkarrekin ospatu genuen Championserako sailkapena. Ospakizun horretan Gurpe kapitain handia gogoratu genuen eta horrela ulertu zuten taldekideek airean altxatu zutenean.
Hamabietarako denok zintzo demonio autobusean. Ez zen inor galdu Madrilgo gauean. Goizeko seietan ohera, nekaturik baina pozez gainezka.




![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)



