::Maite Gonzalez Bibao.
Orain bai, aho handiz esan dezakegu Athletic Champions League! Lehenengo aukera aprobetxatu genuen sailkapena erabakita uzteko. Taldea partidaren bila joan zen. Aurkaria aukera barik utzi zuten jokalari zurigorriek egindako presioarekin.
Sartutako hiru golak baloi geldiko jokaldietatik etorri ziren, esanguratsua. Festa itzela bizi izan zen Vallecas-en jokalari eta zaleen artean. Bertara 5000 zale zurigorri inguru gerturatu ziren Athletic-ekin gau berezi bat bizitzeko. Inbidia itzela eman zidaten Madril-era joan ziren zaleek telebistatik giro aparta ikusten baitzen. Champions-eko zaleak dauzkagu!!
Aduriz-ek esan zuen moduan oraindik pausutxo bat geratzen da emateko. Baina behintzat ilusioa zale eta jokalari guztiengan piztu da. Denboraldi ederra egin du Valverdek, laugarren postua lortzea ez baita erraza. Eta berriz ere, gure filosofia defendatzeko argudioak eman dizkigu. Gure ‘aldeanoen taldeak’ amets egiteko aukera ematen digu, eta gainera beste edozeinek lortu ezin duena lortzen du Athletic-ek. Jokalari eta zaleen artean bat egitea, elkartasun hautsezina da hori. Lorpenak denonak izan dira, dira eta izango dira eta horrela gauzak errazago egiten dira.
Denboraldiari amaiera bikaina emateko aukera daukagu igandean. Denboraldiko azkeneko partida San Mames-en, eta gainera, Errealaren kontra. Irabazi beharrekoa. Baina ez soilik puntu gehiago lortzearren, harrotasunagatik baizik. Derby-ak irabazteko dira. Eta zergatik ez, zale guztiek Champions-erako sailkapena gogotsu ospatzeko ez dagoelako egoera hoberik!
Athletic, Zu zara nagusia!!



![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)



