hamaikaetabat

juan mateo zabala euskaltegiaren peña

mikel 2014 / 05 / 17

Irati Gorroño txikia zenetik ezagutzen dugu Juan Mateo Zabala Euskaltegian. Izan ere, Nerearen alaba izateaz gain, irakasle askoren ikasle zintzoa izan da. Une honetan Erroman dago azken ikasturtea egiten “Erasmus” programapean. 

 

pisa

Zer nolako ikasketak egiten ari zara?

Gizarte Laneko gradua egiten nago.                                        

Zergatik Italia?

Hasieran Hego Amerikara joateko asmoa izan nuen eta Txilera aukera eskaini zidatenean, oso pozik jarri nintzen. Hala ere, bertako unibertsitatekoekin harremanetan jartzean, praktikarik ezin izango nuela egin adierazi zidaten, beren ikasketa-planean aurreikusita ez zegoelako. Arazoa zen Gizarte Lanean, azken mailan, ikasteaz gain, karrera amaitu ahal izateko, praktikak ezinbestekoak direla Euskal Herrian.

Gainera, unibertsitateko lagun bik Erroma zuten aukeratua. Hori guztia izan zela-eta, azkenean, Italiara etortzea erabaki nuen eta, egia esan, Erroma nire lehenengo aukera izan ez arren, orain, ez nuke beste leku batez aldatuko.

Italiarren aldetik, zer da gehien harritu zaituena?

Zalantzarik gabe, kalean ikusten den pobrezia da gehien harritu nauena. Argi dago hiri handi-handia dela eta horrelako hirigune gehienetan fenomeno hau nabarmentzen dela, baina, hemen, nonahi ikusten dira eskaleak. Askotan nagusiek umeak erabiltzen dituzte pena emateko eta neskatila adingabe asko ikusten dira metroan jaioberriak altzoan aurrera eta atzera diru eske. Oso egoera tristea da. 

“Erasmus”-i buruz topiko asko izan ohi dira: ederto pasatzen dela, jai ugari egiten direla, bikote asko desegiten direla … Benetakoak dira?

Bai, egia da. Entzunda neukan “Erasmus”en jai ugari zeudela eta hemen egonda baieztatu dezaket. Erroman, behintzat, ia egunero irteteko aukera daukagu eta hainbeste jai egonda eta hainbeste jende berri ezagututa asko ligatzen da. Hala ere, jendeak ez duela bikotekide finkorik bilatzen “ligoteoa” baizik, esango nuke.

Asko ezagutu ditut bikotekidearekin batera etorri direnak eta denetarik ikusten da. Egia da bikote asko apurtzen direla; izan ere, hemen libreago sentitzen dira, loturarik gabe… Beste kasu batzuetan, berriz, esperientzia honek bikote- harremana sendotzeko balio du.

Nolakoa da zure egun arrunt bat?

Hasieran dena zen oso erosoa: esnatu, klasera joan, lagunekin geratu, turismoa egin (Italiako hiri eta herri asko ezagutzen ditut), juergan irten… Baina praktikak hasi nituenetik esan beharra daukat nire egun arrunt bat ez dela “Erasmus” eko ikasle gehienena bezalakoa.

Asteburuetan izan ezik, egunero goizeko bederatzietan praktikak hasten ditut eta eguerdiko ordu batean amaitu. Bertoko ospitale batean nago Trastevere auzoan. Astean behin, behintzat, arratsaldeko lau eta erdiak arte geratu behar naiz eta arratsaldean, klasea badaukat, unibertsitatera joan. Beraz, sarritan, leku batetik bestera ibili behar naiz egun osoan zehar.

Hemengoaren aldean, nolakoa da hango ikasketa-sistema? Oso bestelakoa da?

Bai, oso desberdina da. Hango unibertsitateetan Bolonia plana daukagun bitartean, Italian aurreko planarekin jarraitzen dute. Hemen ez da derrigorrezkoa klasera joatea eta azterketetan ateratzen diren notek/kalifikazioek dute garrantzia.

Eskola italieraz jasotzen duzu, zer moduz moldatzen zara?

Esan beharra dago irakaslearen eta ikasgaiaren araberakoa dela. Urtebetez berton egonda eta hizkuntza ondo jakin arren, unibertsitatean erabiltzen diren zenbait hitz tekniko zailak dira ulertzen, baina, nire kasuan, oso eskuzabalak dira unibertsitateko irakasleak “Erasmus”eko ikasleokin; zenbaitetan, galdera zehatzak egin beharrean, zabalak egiten dizkigute. Hemen erraza da gainditzea.

Egia da bertoko beste unibertsitate askotan nahiko zorrotzak direla eta ez dutela bereizketarik egiten Erasmus eta hemengo ikasleen artean, baina zorionez ez da nire kasua izan! 

Bakarrik, beste ikasle batzuekin … Nola hartu zenuen ostatua?

Bilbon geundelarik (Erromara etorriko ginen ikaskide biak eta hirurok), Interneten hasi ginen etxeak ikusten, baina hiria ezagutu barik oso 20140425_102830zaila da egokia aukeratzea. Beraz, ezer hartu gabe etorri ginen iazko irailean, ikasturtea hasi baino apur bat lehenago. Bed & Brekfast batean hirurontzako gela hartu eta pisuak ikusteari ekin genion.

Haiek egunik txarrenak izan ziren, egun osoa ematen genuen etxez etxe. Ugazaba batek lau urterako kontratua nahi zuela esan zigun, beste etxe asko oso zikin zeuden, garestiegiak beste zenbait. Adibidez: logela bat, egongela, sukalde txikia eta komun bakarra: 1.500 euro.

Hemen ez da ohikoa ikasleek etxe osoa alokatzea, gehienetan gela baino ez dute alokatzen. Baina guk geuretzako etxea nahi genuen eta, azkenean, lortu genuen. Oso pozik gaude egindako aukerarekin. Erdigunetik hurbil dago, metro-geltokia ondoan daukagu, auzoa oso atsegina da eta bizilekua erosoa.

Herriminik duzu ala gehiago luzatuko zenuke Erromako egonaldia?

Ni sei hilabeterako nentorren, baina egonaldia luzatu nuen urtebeterako. Nire ustez, berton bizitzen ari naizen esperientzia ikaragarri ona eta ahaztezina izango da.

Urtea igarotzeko beste modu bat da: beste hiri batean, lagun berriekin, ohitura desberdinak… Egia da ikasteaz gain, disfrutatzeko urtea dela.

Gainera, Bilbora behin baino gehiagotan joan naiz. Azaroan, bisitan; Gabonetan eta otsailean, unibertsitateko tutorearekin egoteko. Etxekoak ere hona etorri dira Aste Santuan. Beraz, herriminik… ez daukat. 

Zer aholkatu zenioke Erromara lehenengoz doan euskaldun bati?

Monumentuak eta hondar arkeologikoak ikusteaz gain, ahalik eta ondoen aprobetxatu dezala bidaia italiarrekin harremanak eginda, oso alaiak eta irekiak direlako.


Shares