::Maite Gonzalez Bilbao.
38. jardunaldiari aurre egin zion atzo Athletic-ek Almerian. Gure aldetik emoziorik gabeko partida, jokoan objektiborik ez izatearen ondorio da hori. Behintzat Almeriaren beharrak norgehiagoka pixka bat animatzen lagundu zuen.
Ernesto Valverdek aldaketa ugari egin zituen taldearen hamaikakoan. Denboraldian zehar gutxi jokatu zuten jokalariei aukera eman zien. Berdinketa lortu zuten azkeneko partidan, eta azken egunetan askoren ahotan egon diren 70 puntuetara heltzea lortu zuten.
45 minutuko atsedenaldia izan zen atzo arratsaldeko seietan jokatu ziren partidetan. Osasunaren futbol zelaian, gola ospatzerakoan, harmaila bateko hesiak ez zuen zaleen pisua jasan eta jausi egin zen. Horren ondorioz, partida guztien bigarren zatiak atzeratu ziren, jaitsiera jokoan baitzegoen, eta denek baldintza berdinak izan behar zituzten.
Athletic-ek aspaldi lortu zuen markatutako betebeharra. Denboraldi bikaina egin dute Valverdek eta bere mutilek. Aitortu behar dut denboraldi hasieran ez nuela laugarren postu honekin amesten. Gaur egun Liga planteatuta dagoen moduan, lortutako laugarren postua izugarrizko arrakasta da.
Oporretarako unea da orain jokalarientzat, agian Iturraspek munduko txapelketa jokatzeko aukeraizango du. Baina gehienak daude oporren atarian. Eta zelako oporrak… ondo egindako lanaren sentsazioarekin, eta jakinda datorren denboraldian jokatuko dugun lehenengo partida Txapeldunen Ligakoa izango dela!
Ea uda lasaia dugun fitxaketen kontura. Muniain eta Laport-en inguruan zurrumurruak egon badaude, baina inork ez du oraindik ezer konfirmatu. Oporrez goza dezatela eta hurrengo denboraldiari aurre egiteko indarberrituta itzul daitezela.
Aupa Athletic!!!
* Sarrerako argazkia Ignacio Perezena da.



![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)



